Irailaren 29an egin zen ikasturteko lehen plenoa. Bertan hartutako erabakien inguruan elkarrizketa egin diogu Ainhoa Zabalo Lezoko alkateari.
Pasa den astean egin zen ikasturteko lehen plenoa. Ezin esan pleno xamurra izan zenik. Nola bizi izan duzu?
Plenoa ez zen erraza izan, baina aurreikusi bezala joan zen. Besteren artean, gai zaila genuen eskuartean, musika-eskolan egin beharreko murrizketen ingurukoa. Murrizketak ez dira inolaz ere erabaki errazak eta gustukoak, batez ere, lanaldi-murrizketak tarteko direnean.
Plenoan guraso eta irakasleei hitza eman genien, eta beraien haserrea guztiz ulergarria bada ere, geure partetik udalaren ikuspegia eta erabakiak azaldu genituen. Lezoko Udalari, gainerako udalei bezala, diru-sarrerak asko murriztu zaizkio eta, derrigorrean, neurriak hartu behar ditugu. Ez musika-eskolan bakarrik, baina hor ere bai.
Zein da gaur egun udalaren egoera ekonomikoa?
Udalaren diru-sarrerak nabarmen jaitsi dira eta jaitsiko dira datozen urteetan ere. Ondorioz, ezinbestean, egoera berrira egokitzeko gastuak murriztu behar ditugu. Neurririk hartu ezean, 2011ko abenduaren 31an 300.000 eurotako zuloa izango dugu, 2012ko abenduaren 31an 800.000 eurotakoa eta 2013ko abenduaren 31an 930.000 eurotakoa.
Foru Aldunditik jasotzen ditugun diru-sarrerak %11 inguru jaitsiko direla aurreikusten du Aldundiak. 2011an 8.900.000 eurotako aurrekotua izan dugu eta datorren urtean 6.400.000 eurotakoa izatea espero dugu. Foru Aldundiak fiskalitatea aldatu ezean, udalak itota ibiliko gara.
Musika-eskolako murrizketak egoera horretara egokitzeko neurri bezala ikusi behar dira?
Bai, horixe da. Nik guztiz ulertzen dut irakasle eta gurasoak kexu agertzea, baina egoera ekonomiko honetan ezinezkoa da musika-eskolan orain arteko baldintzekin jarraitzea. Teorian, musika-eskola hiru bidetatik finantzatu izan da: herena Eusko Jaurlaritzak, beste herena Udalak eta, azkena, matrikulaziotik. Baina praktikan, ez da guztiz horrela izan. Matrikulaziotik ez da espero denik jasotzen, eta diferentzia hori udalak ordaindu izan du. Berez dagokiona baino 48.000 euro gehiago.
Gainera, orain arte, musika-eskolako baldintzak Eusko Jaurlaritzak araututakoa baino hobeak izan dira. Murrizketa hauekin, Musika eskolak ezarritako ratioen barruan ibiliko ginateke, baina ez da ‘extrarik’ egongo.
Sanmarkoko zabortegiaren inguruan ere mozio bat aurkeztu zenuten. Hondakinen gaia garrantzitsua izango da legealdi honetan?
Bai, mozio bat aurkeztu genuen hondakinen gaia bere osoan landu behar dela dioena. Hondakinen kudeaketa garrantzitsua da, baina ongizate iraunkorraren ikuspegitik, baita ikuspegi ekonomikotik ere. Hondakinak kudeatzeko erraustegiaren eredua guztiz baztertzen dugu, osasunarentzat kaltegarria delako eta, gainera, ekonomikoki ez delako batere bideragarria.
Hondakinak kudeatzeko kontratua da udalak egiten duen kontratu garestiena eta, hortaz, guri dagokigunez ahal dugun guztia egingo dugu kudeaketa egokiena bilatzeko. Lan handia dago egiteko arlo horretan.
Datozen 8 urteetarako hirigintza-plana ere behin betikoz onartu da. Zer suposatzen du plana onartu izanak?
Lan luzea izan da, baina oso garrantzitsua zen egitea. Hirigintza plana oinarri on bat da Lezo modu iraunkorrean garatu dadin. Lezoren garapen iraunkorra markatzen du plan honek. Hemendik aurrera, plan horretan jarritako irizpideei jarraiki landuko dugu Lezoren garapena, betiere lezoarren ongizatea lehenetsita.
Hurrengo plenoa noiz izango da?
Hurrengo ohiko plenoa azaroaren amaieran izango da, baina seguru esan dezaket, urria amaieran ezohiko pleno bat jarriko dugula.