Genero indarkeriaren aurka

Or, 2013-11-15 10:10

Azaroaren 25ean Emakumearen Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da eta Lezon hainbat ekitaldi iragarri dituzte

Azaroaren 25ean ospatzen den Emakumearen Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Udalak eta Gaxuxa emakume taldeak hainbat ekimen antolatu dituzte.

Horrela, azaroaren 18tik 22ra Kultur Ateroan erakusketa izango da ikusgai. Oarsoaldeko Berdintasun Mahaiak antolatu zuen logo lehiaketako irudiekin osatu dute. Erakusketa bisitatzeko ordutegia, hauxe da: goizez, 10:00etatik 13:00etara, egunero; eta arratsaldez, astelehen, asteazken eta ostiraletan, 17:00etatik 19:00etara.

Azaroaren 22an, berriz, Gaxuxa taldeak zine-foruma antolatu du Gezalan, 19:00etan. Agua filma eskainiko dute, doan. Pelikulak Indiako emakume alargunen egoera jasotzen du. Sati izeneko ohitura tarteko, alargunek ezin dute berriro ezkondu, ezta lanik egin. Filma amaitzean mahai-ingurua izango dela iragarri dute.

Ikastaroak

Bestalde, ospakizunaren baitan Gaxuxa elkarteak antolatutako Aterki tailerra gaur amaituko da (azaroak 15). Eta Udalak antolatu duen autodefentsa ikastaroan bi saio geratzen dira, azaroaren 16koa eta 23koa. 

Arloa edo saila