Arratsaldean, 19:00etan, bilera irekia egingo du herritarrekin Gezala auditorioan
Martin Garitano ahaldun nagusia Lezon da. Eguerdian iritsi da, eta egun osoa pasako du gure artean. Ainhoa Zabalo alkateak egin dio harrera udaletxean, Lezoko udal ordezkariekin eta teknikariekin bildu aurretik.
Bilera laburra izan da, ahaldun nagusiari Lezoko argazki orokorraz jabetzeko balio izan diona. Euskara, herri jasangarria, berdintasuna eta parte-hartzea izan dira ardatz nagusiak. Ondoren, herriko hainbat gune bisitatu ditu alkatea buru izan den udal ordezkaritza batekin. Lehenik, Altzate igerilekua; bertan, sabaiak aldaketa beharra duela jakinarazi diote udal ordezkariek. Eta bazkaldu aurretik, Altamirako errotonda, bertako arriskuez jabetzeko.
Tartean, kazetarien galderak erantzun ditu. Eta igerilekuan, Gaintxurizketako auzotarren ordezkaritza batek auzoak dituen hainbat arazoren berri eman dio.
Arratsaldeko plana
Arratsalde intentsua izango du ahaldun nagusiak. Iturrin industrialdea bisitatuko du lehenik, bertan dauden enpresen egoera ezagutzeko; bigarren zita Bonantza Elkarteko kideekin izango du, eta bidegorriaren egoera ikusteko aukera izango du; Baratza parkea bisitatuko du jarraian, eta azkenaurreko zita Plazeta futbol zelaian izango du, Allerruko ordezkariekin bilduko baita –Foru Aldundiak 190.990 € bideratu ditu zaharberritze lanak egiteko–.
Lezora bisita Gezalan amaituko du, herritarrekin egingo duen bilera irekian. 19:00etatik aurrera izango da, eta herritar orok izango du bertara gerturatu eta galderak egiteko aukera.
Bihar izango duzue Martin Garitano ahaldun nagusiaren bisitaren kronika osatua.