Musika Eskolan izango da, 11:00etan, eta Lezoarrek eskualderako 500.000 euro non inbertitu proposatzeko aukera izango dute
Gipuzkoako Foru Aldundia partaidetza prozesu bat ari da egiten herritarrek erabaki dezaten diru publikoa zertan inbertitu. Partaidetzazko aurrekontuak dira. Ekimenak herritarrak gonbidatzen ditu proposamenak egitera eta baliabide ekonomikoak bideratzerakoan erabakiak hartzera. Lezoarrek, Oarsoaldeko gainontzeko herritarrekin batera, eskualderako 500.000 euro non inbertitu erabaki beharko dute.
Ekimenaren harira, datorren larunbatean, hilak 10, Partaidetza Tailerra egingo da Lezoko Musika Eskolan, 11:00etatik aurrera. Bertan, lezoarrek eskualderako 500.000 euro non inbertitu erabakitzeko aukera izango dute.
Ez da proposamenak egiteko aukera bakarra izango.Herritarrek esku-orriak jaso dituzte etxeko postontzietan –Internet bidez eskura ditzakete helbide honetan–, eta eskualderako onuragarriak diren egitasmoak proposatzeko aukera izango dute herrian zehar jarritako postontzietan –Udaletxean, Osasun Zentroan, Liburutegian, Ikastolan, Kiroldegian, Eskolan eta Altamira Auzo Elkartean jarri dituzte–. Internet bidez ere bidali daitezke proposamenak, formularioa betez.
Partaidetzazko aurrekontuak jarraitzeko, edo-eta informazioa jasotzeko, Foru Aldundiak webgunea zabaldu du .