Parte-hartze Tailerrean hogeita hamabi proposamen aurkeztu zituzten joan den larunbatean
Gipuzkoako Foru Aldundiak abiatutako Aurrekontu Parte-hartzaileak ekimena Lezora iritsi zen joan den larunbatean. Dozena bat herritar bildu zen, eta hogeita hamabi proposamen aurkeztu eta euren artean eztabaidatu zituzten.
Orain, eskualdeko bilera egingo da (ekainaren 10ean). Bertan, jasotako proposamenen zerrendatik aukeraketa bat egin eta, talde sustatzaileak finkatutako irizpideak kontuan hartuta, ekarpen batzuk lehenetsiko dira.
Hauek dira Lezon jasotako proposamenak, gaiaren arabera sailkatuta:
MUGIKORTASUNA:
- Poligono industrialetara garraio publikoa jarri, enplegurako barrera garrantzitsua baita ibilgailurik ez dutenentzat. Aukera bat Irun-Donostia autobusaren ibilbideko autobus batzuk industriguneetatik pasatzea litzake.
- Errepideen seinaleztapena hobetzea.
- Lezo-badia Itsaso aldera irekitzea, Lezok itsasoarekin duen lotura mantentzeko. Dagoeneko lanketa bat egiten ari da portuko baliabideen kudeaketaren inguruan, Lezoko udala, Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Portu autoritateen artean.
- Lezo-Donibane bidegorriaren proiektua burutzea.
- Lezo-Gaintxurizketa bidegorriko proiektua aurrera ateratzea: Zubitxotik Gaintxurizketarako errotondaraino egitea proposatzen da, hiru fasetan. Horretarako, Foru Aldundia eta Lezoko udalaren arteko elkarlana aurreikusten da. Oinezkoentzako ere bide segurua egitea industria poligonoetara.
- Herri-bideak, batez ere mendi aldekoak, zaindu eta garbitzea.
- Jaizkibelgo herri-bideak mantendu, seinaleak jarri, aisialdirako eta paseoak emateko espazio egokiagoak bilakatu dadin. Herritarren parte-hartzearen bitartez egin daiteke.
- Herri-bidea Olatzar Elortegi ibilgailuan proiektua garatzea.
- Garraio publikoa hobetzea, Hondarribia eta Irunekin Oarsoaldetik konexio zuzena jarriz.
- Kamioiak debekatzea Lezoko hirigunean.
GIZARTE POLITIKA:
- Aiton-Bordan obrak egitea, lokalak dituen aukerak gehiago aprobetxatzeko. Udalak du horretarako eskumena, eta beraz, Foru Aldundiak diruz lagundu lezake proiektua gauzatzen.
- Arriskuan dauden pertsonentzako larrialdizko laguntza psikologiko zerbitzua abian jartzea. Krisi ekonomikoak sortutako frustrazio eta tentsio egoeretan laguntza emateko.
- Liburutegiko zerbitzua goizez eta arratsaldez izatea. Udalarekin elkarlanean adostu beharko litzake.
INGURUMENA:
- Auzo konposta egiteko etxolak jartzea. Udalak badu dagoeneko proiektua, eta beraz, Foru Aldundiaren laguntza eskatzen da.
- Zubitxo erreka zabaltzea eta sakonera ematea.
- Altamira-Darieta parkearen prozesua bizkortzea, lehentasunezko izaera emanez. Gainera, herri-bidez egokitzea eta irisgarritasuna hobetzea.
GAZTERIA, KIROLA ETA KULTURA:
- Eskualdeko gazteriaren aktibazioa sustatzeko plana martxan jartzea eta egoera ezagutzeko lehendabiziko diagnosi bat egin.
- Kirol gunea saski baloirako gunearekin.
- Oarsoaldeko gazteak natur inguruneko ekintzak, kirol ekintzak eta hizkuntzan ditugun baliabideak ikastea.
- Herriko kultur ondarea sustatzeko diru-laguntzak ematea, batez ere herri txikiei zuzenduta.
BERRIKUNTZA, LANDA GARAPENA ETA TURISMOA:
- Eskualdean ekoizten diren produktuak salgai jartzea. Hiru printzipioetan oinarrituko litzateke: baliabide endogenoak erabiltzea, produktu ekologikoak izatea eta euskara sustatzea. Gainera, enplegua sortu eta nekazariei bultzada emango litzaioke, eta krisi ekonomikoaren ondorioz itxitako dendak berpizteko saiakerarekin uztartu daiteke. Oarsoaldeako Garapen agentziarekin elkarlanean egin daiteke.
- Gaintxurizketan kanpin bat egitea, turismoa sustatzeko. Ohiko etxebizitza ez bihurtzeko neurriak jarri beharko litezke.
- Basoetako zuhaitzen entre-sakarekin jarraitzea, pinua bota eta haritzak landatuz. Pasaia aldera ere zabaldu beharko litzateke.
- Langabetuei zuzenduriko ekintza eta planak egitea. Lanbidek jasandako murrizketaren parte bat Foru Aldunditik konpentsatzea.
- Jaizkibel ezagutzeko parketxe bat sortu. Jaizkibeleko turismo-plana osatzea. Foru Aldundia eta Oarsoaldeko turismoaren bitartez egin daiteke.
- Komertzio txikiei erraztasunak eman: aholkularitza eman berrikuntzan eta eraberritzean eta produktuak erakargarri egiten; zerga gutxiago jarri; gune bat jarri baserritarren esku zuzenean saltzeko beraien produktuak.
- Hutsik dauden lokal komertzialak berrirekitzeko erraztasunak eman, jabeekin hitz eginda eta alokairu konpartituta jarriz. Herriari bizitza emango zion.
EUSKARA, HERRITARREN PARTE-HARTZEA, BERDINTASUNA, ANIZTASUNA ETA GIZA ESKUBIDEAK.
- Komertzioetan euskaraz eskatzen bada %10eko deskontua egitea, pintxo-pote euskaldunaren bitartez, adibidez. Komertzio elkarteekin harremanetan egin beharko litzake.
- Gazteek euskaraz egin dezaten lekuak sortu eta euskara hutsean aritzeko elkarteak bideratu.
- Auzolana bultzatzeko ekintzak bultzatu, arlokako taldeen bitartez. Oarsoaldeako garapen agentziatik bideratu daiteke.
- Euskal Herritik kanpo jaiotakoei euskara ikasteko erraztasun eta baliabideak ematea eta integrazioa lantzea. Aldundiko euskara saila, gizarte zerbitzuak, Oarsoaldeako euskara teknikariek, Garapen agentziak, AEK eta euskaltegien artean burutu daiteke.
- Berdintasuna bultzatzeko kanpaina egitea Foru Aldundian.