Igandeko bozketan parte hartu ez zuten auzotarrek ostiralera arteko epea izango dute lehenesten duten auzo ekipamenduak aukeratzeko
Lezoko Udalak Altamira auzoan bideratu duen parte-hartze prozesuaren baitan, bertako bizilagunek zein ekipamendu hobetu nahi dituzten bozkatzeko aukera izan zuten atzo goizean. Parte-hartze prozesuan zehar, hamabi ekipamendu lehenetsi dira, eta horien artean bost aukeratu behar zituzten.
Altamiran erroldatuta dauden ia 400 lezoarren artean, 50ek eman zuten bozka, % 12 inguruk. Udalak, ordea, bozka emateko epea aste betez luzatzea erabaki du “hobetuko dugun ekipamenduak ahalik eta auzotar gehienen babesa izan dezan”. Ainhoa Zabalo alkatearen hitzetan, “herritarrak ez daude halako prozesuetara ohituta, eta erraztasunak eman behar dizkiegu. Horregatik zabaldu dugu epea”.
Ostiralera arte
Beraz, igandeko bozketan parte hartu ez zuten auzotarrek bigarren aukera izango dute eta gaurtik aurrera Informazio Bulego Orokorrean izango dute bere bozka emateko aukera. Ordutegia 8:00etatik 13:30etara da, eta epea ostiralean bukatzen da. Ezinbestekoa da NANa aurkeztea.