Udalak proiektua idazteko diru-laguntza jaso du eta urrirako amaituta izango du
Udalak Lezo eta Donibane elkartuko dituen bide-gorria egiteko proiektua idatziko du, eta horretarako Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza jaso du. Proiektua urrirako amaituta egotea espero da, eta exekuzioa Foru Aldundiaren esku geratuko da. Lanak noiz burutuko diren zehazteke dagoen arren, 2015ean egingo direla aurreikusten da.
Proiektua idazteko, orain dela urte batzuk Oarsoaldeko Garapen Agentziak idatzitako proiektua hartuko da oinarri, eta zenbait moldaketa eginez, kostua gutxituko da bideragarri egiteko. Horrela, Lezo eta Donibane lotzen dituen errepidea zenbait puntuetan estutzea aurreikusten da bide-gorriarentzako lekua irabaziz.
Horrekin batera, kontuan hartu behar da Pasaiako zentral termikoa itxita dagoela eta instalazioak eraisten ari direla, eta horrek ere bide-gorriaren obra errazten duela. Aldaketa horiek tarteko, hasierako proiektuarekin alderatuz, oraingoak hegal gutxiago edukiko du, obra merkatuz.
Bide-gorria bi fasetan egitea aurreikusten da. Lehenengo batean, espaloia handitu egingo da errepideari zati bat janez. Bigarrengoan, berriz, bide-gorria egingo da.
Aurrekontu parte-hartzaileak
Lezo eta Donibane elkartuko dituen bide-gorria lehentasunezko proiektua da Oarsoaldeko bizilagunentzat. Horren lekuko da Gipuzkoako Foru Aldundia bideratzen ari den Partaidetzazko Aurrekontuak egitasmoa. Oasoaldean 500.000 € inbertituko ditu Foru Aldundiak, eta herritarrek bide-gorria lehenetsi dute aurkeztu diren 370 proiektuen artean.