Badiako alkateak Portuko Plan Estrategikoaren aurka agertu dira: etorkizunerako asmo handiko apustuak behar ditugu, eta ez errezeta zaharrak

Ar, 2026-05-05 13:11

Pasaiako Portu Agintaritzak (PPA) 2025–2030 Plan Estrategikoa onartu du maiatzaren 5eko Administrazio Kontseiluan. Testuinguru horretan, Pasaiako eta Errenteriako alkateek —Teo Alberro eta Aizpea Otaegi—, kontseiluko kide diren heinean, kontra bozkatu dute. Mikel Arruti Lezoko alkatearekin bat eginda, badiako udalen ordezkari gisa, erabakiaren inguruko azalpenak eman dituzte.

Eledunek aitortu dute hasierako plan-proposamenaren gainean udal ordezkariek egindako ekarpenek eragina izan dutela —zuzenketak lau ardatz nagusitan egituratu zituzten: gobernantza partekatua, mugikortasuna, ekonomia urdina eta ingurumen trantsizioa—. Hala, azken testuak hainbat hobekuntza jaso ditu, hein handi batean udaletatik eta tokiko ikuspegitik egindako lanari esker, besteak beste, ekonomia urdinaren aldeko HUB baten sorrera, ingurumen jarduketen plana (uraren, airearen eta zarataren neurketa iraunkorrekin), egungo azpiegituren eraginkortasuna hobetzeko asmoa, udalekin foro tekniko egonkorra eratzea, tren bidezko garraioaren beharra azpimarratzea, edo Pasaia-Bilbo-Baiona lan-ildoari jarraipena ematea.

Haatik, eta aurrerapauso horiek guztiak aitortuta ere, badira alkateentzako “larriak diren hutsuneak” eta “norabide okerrak”, aipatutako ekimenen bideragarritasuna zailtzen dutenak:

Lehenik, dokumentuak ez du aipatu ere egiten portuaren transferentzia, eta hori “kezkagarritzat” jo du Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, isiltasun horrek, praktikan, epe ertaineko eraldaketa erreal baterako aukerak ixten dituelako: “Eskumenen transferentziak ahalbidetuko baititu herritarrek behar dituzten hobekuntzak, bizilagunen beharrak eta portuaren jarduera uztartuko dituzten inbertsioak”. Inbertsio eraldatzaile horiek portuaren lehiakortasuna hobetuko lukete, ekonomia urdinaren baitako jarduera ekonomiko berriekin eta portu-hiri mugetan behingoz beharrezko inbertsioak gauzatuz. Gainera, Pasaiako alkateak gehitu du PPA Espainiaren titulartasunpean egoteak ageriko trabak dakartzala tokian-tokian: “Ikusi besterik ez dago zenbat atzeratzen ari diren Adinberri egoitzaren obra, edo Lonja berri amaiezina”.

Planta logistikoari dagokionez, Mikel Arruti Lezoko alkateak argi du: “Etxea teilatutik hastea da, are gehiago jatorrizko dokumentuak jasotzen zuenean, oro har, intermodalitatea bultzatzea”. Portuaren azpiegiturak modernizatzea lehentasunezkoa dela gehitu du: “Plataforma horrek ez die egun portuak dituen beharrei erantzuten eta planta logistikoa eraikitzeak afekzio horiek lekualdatu besterik ez ditu egiten. Lehen pausoa egungo egoera eta fluxuak fidelizatzea izan behar da. Egungo azpiegiturak modernizatu eta espezializatzea eta horrela inguruko herritarren eta portuko langileen bizi-kalitatea hobetzea, portuko lehiakortasuna ere hobetzeko, bere jardueraren eraginak gutxitzearekin batera”. Gainera, Gaintxurizketako planta logistikoaren alternatiben edo bideragarritasunaren azterlanik ez dago oraindik.

Horregatik guztiagatik, Pasaiako eta Errenteriako alkateek planaren kontra bozkatu dute.

Badiako ordezkariek azpimarratu dute ezinbestekoa dela gobernantza ereduaren benetako aldaketa: erakundeen arteko lankidetza eraginkorra eta herritarren interesak erdigunean jarriko dituen jarduna. “Zoritxarrez” gehitu du Teo Alberro Pasaiako alkateak, “gaur arte ikusitako jardunek —besteak beste, Plan Estrategiko honen behin betiko dokumentua eratzeko prozesuak, zein Portuak Pasaiako Udalaren aurka irekitako auzi judizialek— kontrako norabidea erakusten dute. Horrek zuzenean talka egiten du herritarrek demokratikoki hautatutako ordezkaritzarekin eta, beraz, herritarren eskubide eta nahiekin”.

Pasaiako alkateak argi du: “Benetako aldaketa nahi bada, hitzetatik ekintzetara igaro behar da: irekitako auziak bertan behera utzi, udalekin adostutako espazioen lagapenak behingoz gauzatu, ezinbesteko modernizazioak bultzatu, eta portuaren espazio publikoen kudeaketa tokiko erakundeen esku uztea urgentziazkoa da”.

Arloa edo saila