“Elkar ZAINDUZ Lezo” leloa duen planak, misio bat, 5 helburu eta 51 ekimen ditu. Herritarrek, zuzenean, planaren nondik norakoak entzuteko aukera izan zuten Gezala Auditoriumean.
Lezoko Udal Gobernu taldeak 2023-2027 Legegintzaldi Plana aurkeztu zuen atzo arratsaldean. Mikel Arruti alkateak, gobernu kideekin batera, planaren nondik norakoak azaldu zizkien bertaratutako herritar guztiei eta komunikabideei.
Ekitaldia 19:00etan hasi zen, Sutargi Abesbatzaren “Lezoko herria” Tomas Garbizuren kantuarekin eta Xanti Espinaren zuzendaritzapean. Ondoren, alkateak hartu zuen hitza, bertaratutakoei eskerrak eman eta legegintzaldi planaren atal nagusiak azaldu zituen:
“Ekitaldi garrantzitsua da guretzat gaurkoa. Udal gobernuak osatu duen Legegintzaldi Plana aurkeztea, herriari aurkeztea, ardura eta garrantzi handiko ekimena da guretzat. 3 ezaugarri azpimarratu nahi ditugu: plana gure bide-orria izango da, gardentasun ariketa bat egiteko balioko du eta fiskalizaziorako tresna ere izango da. Hau da, gobernuaren jarduna, egitekoak eta norabidea gidatuko duen itsasargia da plan hau. Ez hori bakarrik, herriaren aurrean gure konpromisoa adierazteko sinatzen dugun kontratu moduko bat da. Planean jaso ditugun erronkak eta proiektuak betetzen ditugun ala ez jakiteko tresna bat da” adierazi zuen Arrutik.
“Elkar ZAINDUZ Lezo” izena duen dokumentuak, 5 erronka eta 51 proiektu zehatz ditu. Baina, plana egin aurretik, misioa zehaztea beharrezkoa zen eta ondorengo ondoriora iritsi ginen: “Enpatiatik komunitatea eraikiz pozik bizi den herri koxkorra” izan behar du Lezok.
Izan ere, “enpatia besteen azalean jarri eta sentitzen ari dena sentitzea da. Udaletxe batek herritarren azalean jarri behar du eta hori egiten saiatuko gara. Lezo herri koxkorra da eta hori da gure indarguneetako bat, denok elkar ezagutzen dugulako, espazio bera partekatzen dugulako. Komunitate baten parte sentitzen garelako. Baina herria ez da herri sentimendu hori elkar zaintzeko erabiltzen ez bada. Elkar zaintzatik dator ongizatea eta ongizatea duen herria herri zoriontsua izango da, hori da gure helburu nagusia: enpatiatik komunitatea eraikiz pozik bizi den herri koxkorra izatea” adierazi zuen alkateak.
Ekitaldian zehar ez ziren sorpresak falta, esaterako, Mikel Esnaola eta Ihintza Erauskinek Tomas Garbizuren “Ate txukuna” zortzikoa dantzatu zuten eta Musika Eskolako ikaslea den Malen Beristainek “Betazalak eraustean” abestia kantatu zuen zuzenean, gitarra jotzen zuen bitartean.
Udal Gobernua osatzen duten EH BILDUren 7 zinegotziek (Mikel Arruti, Miren Ormazabal, Aitzol Saizar, Eneritz Arruti, Iker Salaberria, Mireia Kuesta eta Jon Legorburuk) planaren xehetasun gehiago eman zituzten.
Legegintzaldi planaren 5 helburu nagusiak ondorengoak dira:
- ONGIZATEA: 2027. urterako Lezoko herritarren ongizate emozionala hobetzea, zaintzen duen herria eraikiz eta haur eta gazteen ongizate emozionalean arreta berezia jarriz.
- ELIKADURA ETA ENERGIA BURUJABETZA: 2027. urterako Lezo bertako nekazaritza ekoizpenean Gipuzkoako herri erreferentea bihurtzea, herri gunea landa eremuarekin konektatuz, eta energia trantsizioaren bidean lehen urratsak burutzea.
- EUSKARA: 2027. urterako Lezoko euskararen erabilera ehunekoa 5 puntu handitzea (%29 --> %34), eta herritarren atxikimendu maila indartzea.
- OINEZKO LEZO BERDE ETA URDINA: 2027. urterako oinezko eta bizikletentzako guneak % 75 handitzea eta Lezoko 70.000 m2 ingurune natural birgaitzea, lasaitasunerako eta jolaserako guneak sortuz.
- HERRI BIZIA: 2027. urterako lezoarren elkar-ezagutza eta herri bizitzarako atxikimendua indartzea, eta parte-hartze komunitarioaren ehunekoa 3 puntu handitzea (%16 --> %19).
Proiektuen artean zenbait azpimarratu daitezke:
ONGIZATEAN
-Zaintza ekosistema osatzeko prozesua.
-Berdintasun kontseilua sortzea.
-Eragile ezberdinekin Lezoko haur eta gazteekin ongizate emozionala landu eta herri hezitzailea sortzea.
-Haur parkeak egokitzeko plana.
-Etxe hutsak merkaturatzeko etxeko jabe eta erabiltzaileekin prozesua burutzea.
ELIKADURA ETA ENERGIA BURUJABETZAN
-Agroaldea garatu eta indartzeko GFA eta Behemendirekin elkarlan mahaia sortu.
-Trantsizio energetikorako plana.
-Xoxolurreko lur eremuak eskuratzea.
EUSKARA
-Euskara sustatzeko plan estrategikoa.
-Euskara ardatz, kulturartekotasuna landu.
-Aisialdian euskara sustatzeko ituna.
OINEZKO LEZO BERDE ETA URDINEAN
-Lezoko industrialderako trafikoa herrigunetik kanporatzea.
-Lezon parking disuasorioak eraikitzea.
-Mantenu plana burutzea.
-Altamira parkea birgaitzea.
HERRI BIZIAN:
-Erabilera anitzeko zentro zibiko sozialeko proiektua garatzea.
-Merkataritza eta bizitza komunitarioa aktibatzeko plana burutzea.
-Lezoko harrera-plana.
-Zer da Lezo? Lezoko identitatearen eraikuntza komunitarioa.
-Lezoko gobernantza sistema garatzea.
Amaitzeko mokadutxoa dastatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek eta udal ordezkariekin hitz egin eta kezkak edo zalantzak galdetzeko aukera izan dute.
Legegintzaldi Plan osoa Lezoko Udaleko webgunean kontsulta daiteke.