Joan den azaroaren 28an egindako osoko bilkuran udalbatzak hartutako erabakien inguruan EH Bilduk argitaratutako informazioaren harira, Lezoko udal gobernuak ondorengoa argitu nahi du:
- Osoko bilkura ospatu baino astebete lehenago, azaroaren 21ean, alegia, udal gobernuak aurkeztutako aurrekontu proposamenari proposamen berriak egin zizkion EH Bilduk horretarako eginiko batzordean. Proposamen horiek ez ziren ondoren udal erregistroan erregistratuak izan
- Aipatu proposamenek 12 kontu sailen igoera jasotzen zuten, ez, ordea, igoera horiek gauzatu ahal izateko zein aldaketa egin edo zein kontu-sail gutxitu, aurrekontuaren oreka bermatu eta mantentzeko. Hau da, EH Bilduk 12 kontu sail handitzea besterik ez zuen proposatu; igoera horiek aurrekontuan nola orekatu, ordea, ez zuen aipatu ere egin
- EH Bilduk aurkeztutakoak, beraz, proposamenak ziren eta ez emendakinak. Emendakinek kontu sailen igoera eta jaitsiera jaso behar dute aurrekontuaren oreka bermatu eta ondoren, bozkatu eta aurrekontu dokumentuan txertatu ahal izateko. Baldintza horiek betetzen ez badira, ezin dira osoko bilkuran tratatuak edota bozkatuak izan
- Hala eta guztiz ere, udal gobernuak elkarlanerako eta adostasunetara iristeko borondatea aurkeztu zuen eta proposamen horietatik 7 txertatzea onartu zuen, betiere, horiek Lezo zein lezoarren eta udaletxearen egungo errealitatera eta beharretara egokituz
- Proposamen horiek, beraz, emendakin gisa landu zituen udal gobernuak, beti udal aurrekontuaren oreka bermatuz.
- Hilaren 28an egindako osoko bilkuran, udal gobernuak proposamen horiek txertatzeko egindako proposamenari uko egin zion EH Bilduk eta beste behin, azaroaren 21eko batzordean aurkeztutako proposamen berdinak aurkezteko eskaera egin zuen
- Egoera horren aurrean, kontutan izanik EH Bilduren proposamenak ez zeudela emendakin gisa behar bezala landuta, ez zutela aurrekontuaren oreka aurreikusten ezta bermatzen ere, eta horrenbestez, bozka ezinak zirela, udal gobernuak lehenbizikoz aurkeztutako aurrekontu dokumentua bozkatzea erabaki zuen
- Kontu-hartzailearen soldataren inguruan, udal gobernuak argitu du %13ko igoera “dedikazio plus”ari dagokiola, udaletxeko beste hainbat langilek duten moduan. Horren arabera, kontu-hartzaileak erabateko dedikazioa izango du Lezoko Udalean
Arloa edo saila