Lezoko Udalak eta Iberdrolak hitzarmena sinatu dute Marrukeneko azpiestazio elektrikoa lekuz aldatzeko

Az, 2026-05-27 13:53

Lezoko Udalak eta i-DE Redes Eléctricas Inteligentes Iberdrola Taldeko Banatzaileak lankidetza hitzarmena sinatu dute Marrukeneko Lezo izeneko azpiestazio elektrikoa bertatik kentzeko eta eremutik kanpo tamaina txikiagoko instalazio berri bat jartzeko.

Akordio horrek Lezoko udalerria hornitzen duten instalazio elektrikoak berritzea ahalbidetzen du, beraien digitalizazioa eskainiz, horniduraren kalitatea hobetzeko eta sarea datorren elektrifikaziorako prestatzeko. Horretaz gain, Marrukeneko eremuaren garapen urbanistikoa desblokeatzeko aukera emango du, eta Lezorentzat estrategikoa den proiektu bati bide emango dio.

Hitzarmenaren xehetasun guztiak azaldu dituzte gaur goizean egindako agerraldian. Bertan izan dira Mikel Arruti Salaberria Lezoko alkatea, eta Arantxa García De la Piedad i-DEko Gipuzkoa ekialdeko banaketa arduraduna.

Lezoko alkateak adierazi duenez, Udal Gobernuak legegintzaldiaren hasieratik landu duen gaietako bat izan da Marrukeneko eremuaren etorkizuna. “Horregatik, azken hilabeteetan Iberdrolarekin egindako elkarlana oso positiboa izan da, herriarentzat onuragarria izango den garapena ahalbidetuko” baitu sinatutako hitzarmenak. 

Indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (HAPO) Marrukeneko eremuan 170 etxebizitza inguru eraikitzea aurreikusten du. Proiektu hori garatzeko oztopo nagusietako bat azpiestazio elektrikoa lekuz aldatzeak zekarren kostu ekonomikoa zen, 5 milioi euro ingurukoa eta, gainera, elektrikoki ere ez zen irtenbide optimoa. Sinatutako hitzarmenari esker, karga ekonomiko hori ezabatzea lortu da, eta instalazio berriak ez dio aparteko kosturik ekarriko Lezoko Udalari. “Horrelako hedadura duten proiektuak ez dira sinpleak” eta denbora behar dutela adierazi du Arrutik, baina “aurrerapen bakoitza berri ona da Lezorentzat”.  

Orain, konpainia elektrikoak azpiestazioa lekualdatzeko prozesua abiatu du. Horretako, banaketa-zentru bat eraikiko da, bai eta Oiartzun izeneko ondoko azpiestazioarekin lotuko duten lurpeko linea elektriko berriak ere egingo dira. Iberdrolak 2,5 milioi euro inbertituko ditu lan honetan. Egungo exekuzio erritmoari erreparatuta, lanak 2026 urtea amaitu baino lehen bukatuko direla esan daiteke. 

Bere aldetik, I-DEko Gipuzkoa ekialdeko banaketa arduradunak nabarmendu du: "Akordio hau i-DEk trantsizio energetikoaren eta elektrifikazioaren bideratzaile gisa duen eginkizunaren adibidea da, baita lankidetza publiko-pribatuak garapen sozioekonomikorako duen garrantzia ere. Zentzu honetan, Lezoko udalaren elkarlana oinarrizkoa izan da, bere irmotasun eta bizkortasunak, udalarentzat nahiz inguruko udalerrientzat hain garrantzitsua den inbertsio baten bideragarritasuna bermatu duelako”.

Bi erakundeetako arduradunak pozik agertu dira hitzarmenarekin. Erakunde arteko lankidetzarekin herritarren onurarako akordioak lortzea lehentasuntzat dute eta horretarako lanean jarraitzeko konpromisoa adierazi dute. 

Arloa edo saila