Lezoko Udalak Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat egin eta herritar oro animatzen du egun horren harira antolatutako ekintzetan parte hartzera.
Martxoaren 8an Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko da eta horren harira, urtero bezala, ekintza egitarau berezia antolatu da, berdintasuneranzko bidean indarrak batu eta urratsak egiten jarraitzeko xedez. Aipatu programa Gaxuxak, Lezoko Emakume taldeak eta Hezkidetza mahaiak antolatu dute, Udalaren babesarekin eta prentsaurreko bidez aurkeztu dute gaur goizean Laura Martinez berdintasun zinegotziak, Dami Muñoz Gizarte Zerbitzuetako teknikariak eta Gaxuxako, Lezoko Emakume taldeko zein Hezkidetza mahaiko ordezkariek.
Gauzak horrela, egitarau zabala aurkeztu dute eta lezoar oro animatu dute antolatutako ekintza guztietan parte hartzera eta kolore morea soinean jarrita, indarrak batuta, berdintasunaren alde aldarrikatzera.
Egitaraua:
Martxoak 2tik 8ra
Lezoko Udalak, Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, lazo moreak jarriko ditu herriko udal eraikin esanguratsuenetan: udaletxea, liburutegia, kiroldegia…Era berean, txapa moreak banatuko ditu martxoaren 8rako deituta dagoen elkarretaratzera bertaratzen direnen artean.
Ildo horretan, halaber, herritarrak animatzen ditu aste guztian zehar more koloreko arroparen bat janztera, aldarrikapenarekin bat egiteko.
Martxoak 8, igandea, Emakumeen Nazioarteko Eguna:
- 11:30 Elkarretaratzea Gurutze Santuaren plazan. Honi lotuta, Udalak zapi eta banderola moreak eramatera animatzen ditu herritarrak. Bertaratzen diren guztiekin argazkia aterako da.
- 12:30 Eskualdeko elkarretaratzearekin bat egingo du Lezon eta Errenterian antolatutako elkarretaratzean parte hartuko du.
- 14:30 Bazkari auto gestionatua Saldise plazan. Udalak mahaiak, aulkiak eta sagardoa ere jarriko du; janaria, baina, herritarren esku gelditzen da.
Martxoaren 9tik 14ra:
Gaxuxako Emakumeen elkarteak egindako lanekin erakusketa egingo da Kultura Aretoan. Erakusketa zabalik egongo da astelehenetik ostiralera, goizeko 11:00-13:00 eta arratsaldeko 17:00-19:00 bitartean.
Hilaren 14an, halaber, “Kabi biluziak” dokumentala eskainiko da 19:30ean Gezalan. Aipatu dokumentala indarkeria matxistaren inguruan Virginia Senosiain eta Juan Luis Napal iruindarrek egindako dokumenta da eta emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako sentsibilizazioa bultzatzea du helburu.
Martxoaren 23tik 28ra:
Agnes Piñoles-en “Todas somos todas” panpinen erakusketa kultura aretoan. Erakusketa hau ere ikusgai egongo da astelehenetik ostiralera, goizeko 11:00-13:00 eta arratsaldeko 17:30-19:30 bitartean.
Era berean, eta maiatzera salto eginez, hilaren 9an bideoforum saio berezia egingo da; saio horretan, “Vuelta a casa de mi madre” filma eskainiko da. Film horrek Stephanie du protagonista gisa, zeinak, 40 urterekin, amaren etxera itzuli behar duen berriro. Umorea oinarri, bien arteko elkarbizitzaren gorabeherak kontatuko ditu filmak.