Emakumeenganako indarkeriaren kontrako egunaren harira, gaurtik hilaren 30a bitarte, David Perez lezoarrak lagatako indarkeria sexistaren inguruko argazki bilduma ikusgai egongo da kultur aretoan.
Era berean, gaur arratsaldean aretoan bertan egingo den “Sexu erasoak: zer gertatzen ari da?” hitzaldia, azaroaren 24ko indarkeriaren aukako kontzertua eta hilaren 30erako antolatutako zine-forum saioa ere gogorarazi ditu Udalak.
Datorren astelehenean, azaroak 25, Emakumeenganako Indarkeriaren kontrako Eguna ospatuko da. Horren harira, urtero bezala, Lezoko Udalak, herriko hainbat eragileekin elkarlanean, hainbat ekintza eta ekitaldi antolatu ditu, horietako batzuk jada burutuak.
Gaurkoan, ordea, kultur aretoan ikusgai jarri duen argazki erakusketaren berri eman du Udalak, hain zuzen, genero indarkeria ardatz duen erakusketa baten berri. David Perez lezoarrak lagatako argazki bilduma da hori eta ikusgai egongo da aipatu aretoan gaurtik hilaren 30a bitarte.
Horrez gain, Udalak eta herriko eragileek antolatutako kanpainaren baitan badira oraindik hainbat ekintza datozen egunetarako. Besteak beste gaur arratsaldean “Sexu erasoak. Zer gertatzen ari da?” hitzaldia eskainiko da, hori ere kultur aretoan arratsaldeko 17:00-19:00 bitartean. Era berean, hilaren 24an indarkeriaren kontrako kontzertua eskainiko da Musika Eskolan goizeko 12:00etan eta 30ean, zine-forum saioa egongo da, 18:30ean, Gezalan. Saio horretan “En tierra de hombres” filma eskainiko da.
Eta noski, hilaren 30a bitartean indarrean jarraituko du zapata eta zapi gorrien kanpainak Lezon indarkeria matxista gaitzesteko eta Lezo indarkeria sexistarik onartzen ez duen herria dela irudikatzeko.
Lezoko Udalak beraz, herritarrak argazki erakusketa ikustera eta aipatu ekintzetan parte hartzera gonbidatzen ditu, indarkeria matxistari aurre egitea guztion ardura delako eta eraso sexistak gaitzesteko indarrak batzea ezinbestekoa delako.