Lezoko emakumeen argazkiak bidaltzeko azken deia

Or, 2022-02-04 09:33

Martxoaren 8a dela eta erakusketa osatuko da.

Lezoko emakumeei buruzko erakusketa osatuko da martxoaren 8aren kanpainaren harira. Hezkidetza mahaia osatutako eragileek abiatutako ekimena da: Berdintasun eta Kirol sailak, osasun zentroa, Lezo institutua, Kuadrillategi, Pasaia-Lezo lizeoa, Herri Eskola, Haurtxokoa eta kale hezitzaileak. 

Helburua? Historia, jakintzaren beste esparru batzuk bezala (etnografia, zientzia, artea…) androzentrikoak dira, hau da, gizonak izan ohi dira erreferente eta gauza guztien neurria. Hala, emakumeak eta euren jakintza, rol eta funtzioak bazter utzi dira. Haiek egindakoei balore gutxi eman zaio eta ikusezin izan dira, nahiz eta bizitzaren bilakaeran, herriaren garapenean funtsezko rola jokatu.

Gauzak horrela, ekimenarekin memoria historiko eta aitorpen ariketa bat egin eta emakumeek historian barrena, herriaren bilakaeran betetako rol eta funtzio garrantzitsuak ikusaraztea da: hala nola, dendari, ostalari, irakasle, euskaltzale, emagin, erizain eta baserritar bezala burutu duten lana. Horretarako, herriko familiei euren sendietako emakumeen argazkiak bidaltzea eskatzen zaie.

Argazkiak bidaltzeko epea otsailaren 14an amaituko da. Hortaz, etxeko argazkiei hautsa pasa eta udalera bidaltzeko garaiz zabiltza. Zure familiako emakumeei omenalditxo bat egin nahi diezula? Zalantzarik ez izan, ekarri argazkiak udalera (Berdintasun saila) edo eskaneatuta bidali webgunean prestatutako atalera:  https://udala.lezo.eus/martxoak-8

 

Arloa edo saila