Lezoko III.Berdintasun Plana, gertuago

Al, 2021-08-30 17:57

111 lagunek parte hartu duten prozesuak aurrera jarraituko du irailean eta berdintasun plana azaroan aurkeztea espero da.

Urte hasieran, Lezo Emakume eta Gizonen hirugarren  Berdintasun Plana diseinatzen hasi zen eta horretarako, gaur egun herriak berdintasunari dagokionean bizi duen egoeraren diagnostikoa egin eta esparru horretan orain arte egindakoa ebaluatu da, MURGIBE aholkularitzaren eskutik.

Emandako pausuak

Prozesu hau gainbegiratzeko, talde eragile bat izendatu da, zenbait udal ordezkarik osatuta. Gainera, egoera ezberdinak bizi dituzten zenbait emakume elkarrizketatu dira, besteak beste, indarkeria matxista jasandakoa; emakume transexuala; baserritarra eta aniztasun funtzionala deuna. Baita  CÁRITAS eta AITON-BORDAko kideak eta udaleko gizarte langile bat.

Horrez gain, politikari, langile, herriko eragile, elkarteekin eta Lezo Institutuko DBH4ko gazteekin,  zortzi talde dinamika burutu dira. Parte hartu duten elkarte eta erakundeak hurrengoak izan dira: Lezoko Emakume Taldea, Gaxuxa, Lezo Institutua, Ikastolako Guraso elkartea,  Arkirun Pilota Kluba eta Ixkulin Elkarte Gastronomikoa, Xoxolur Mendi Kluba, Gotti Betti gazte elkartea (Piztu Lezo);  Haurtxokoa, Kuadrillategi, Pasaia-Lezo Lizeoa, Berritzegunea eta Herri Eskolako Guraso Elkartea.

Halaber, galdetegi bat ere bidali da etxeetara eta online egon da eskuragarri, eta bide horretatik ere jaso dira ekarpenak.

Guztira, 111 lagunek parte hartu dute prozesuan:  67 emakume eta 44 gizon.

Diagnostikoaren eta ebaluazioaren emaitzak eta ondorioak

Lezoko emakumeei dagokienez, prozesuan jasotako hainbat datuk agerian uzten dute emakumeek egoera eta bizi-baldintza kaskarragoak dituztela gizonek baino. Esaterako, emakumeen 2018ko errenta pertsonala 14.969€-koa zen eta gizonena aldiz,   23.737€-koa. 

Datu gehiago, diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten emakumeak ia bikoiztu egiten dute gizonenak, hots, erabiltzaileen  %21,34 emakumeak dira eta %12,10 gizonak.

Gainera, 2020ko martxoko datuen arabera, langabezia handiago da emakumeetan,  %11 da, gizonen kasuan %9 den bitartean.

Bestalde, udal langileei dagokienez,  udalean ere ezberdintasunak begi bistan dira: 63 langile daude bertan (2020ko datuak), horietatik 32 gizon (%51) eta 31 emakumeak (%49) dira. Orokorrean plantilla orekatua ematean duen arrean, beste erakundeetan gertatzen den moduan, genero-ezberdintasunak berehala azaleratzen dira. Esaterako, sail eta zerbitzu maskulinizatuak daude: brigada, udaltzaingoa, euskara, kirola, kultura edota musika eskola eta beste muturrean gizarte zerbitzuak egongo lirateke, guztiz feminizatuta.

Beste horrenbeste esan daiteke lan-egorkontasunari dagokionez ere, izan ere, emakumezkoak karrerako funtzionarioen %41a dira (%59 gizonak) eta interinoen %62a (%38 gizonak).

Joera errepikatu egiten da lanaldiari erreparatuz gero ere,  izan ere, lanaldi partzialetan (edo lanaldi ez osoan) ari diren gehienak emakumeak dira.

Bestalde, fokoa berdintasun politiketan jarrita, II Berdintasun Planaren betetze-maila ez dela oso altua izan ondorioztatu da. Oraindik udalean, berdintasunaren aldeko konpromisoan eta lanketan gehiago sakondu behar dela atzeman dute MURGIBEkoek.

Gauzak horrela, Planak herrian izan duen inpaktua txikia izan da. Gutxi ezagutzen da plana eta ia ez dira emakumeen jabekuntzarako programak landu.

Hala ere,  urteen perspektibarekin ikusita, udalean ekimen ugari eta estrukturalak egin dira  I. Planarekin alderatuta, besteak beste, berdintasun teknikaria dago, aurrekontu propioa du sailak eta berdintasun politiken koordinaziorako egiturak sortu dira.

Zentzu horretan, azken urteetan egindakoen artean hurrengoak nabarmendu daitezke:

  • Udalaren webgunea berritu zen eta Berdintasun sailaren atala sortu da eta webguneko testu guztien azterketa egin da hizkuntza barneratzailearen ikuspegitik.
  •  Diru-laguntzen ordenantza aldatu da Berdintasun irizpideekin bat egiteko. Diru-laguntza eta hitzarmen gehienetan txertatu dira klausulak.  Ixkulin, emakumeak bazkide gisa onartzen ez zituen elkarteak, bere estatutuak aldatu eta dagoeneko badira emakumeak elkarteko bazkideen artean.
  •  Autolaguntza taldea, indarkeria matxistak kaltetuentzat, 2016tik dago abian, inguruko herriekin batera, horri aurre egiten dioten emakumeei oldarkeria katetik atera eta ahalduntzeko aukera emanez.
  • Zabarre Pirata pertsonaiari buruz eta emakumezkoek parte hartzeko beharraz gogoeta egin da eta Maria Labaien sagardogilearen pertsonaia sortu da.
  • Jaietan, eraso sexisten kontrako kanpainak antolatu dira.
  • Hezkidetzari buruzko formazioa egin da eskola kiroleko begiraleekin eta kirol elkarteetako kideekin eta Kuadrillategiko begiraleekin.
  • Martxoak 8 eta Azaroak 25 data klabeetan kanpainak antolatu dira Gaxuxa eta Lezoko emakumeak eta hezkidetza mahaiarekin batera.

Hurrengo urratsak

Berdintasun plana sortzeko prozesuak aurrera jarraituko du irailean eta dagoeneko mahaigaineratutako proposamenen inguruan kontrastatzeko saioak egingo dira, orain arte egitasmoan jardundako eragileekin. Aurreikusitakoaren arabera, plana prest izango da azarorako. Ezustekorik ez bada, hilabete horretan egingo da dokumentuaren behin betiko aurkezpen publikoa.

Dokumentua datozen urteetako bidai-orria izango da berdintasunaren arloan. Zentzu horretan, ezin ahantzi, COVID-19aren ondorioz, azken aldiko osasun-, ekonomia- eta gizarte-krisi garrantzitsuena bizi dugula eta agenda eta lehentasun politiko eta sozialak aldatu direla mundu osoan.

Pandemia desberdin ari da eragiten emakumeengan eta gizonengan eta datuek erakusten digute emakumeek eta neskek arrisku handiagoa dutela krisi honen ondorio negatiboen aurrean. Horren harira, Eudelek, Emakundek eta beste zenbait erakundek herri-erakundeen konpromiso sendoa eskatu eta berdintasun politikak eta zerbitzuak indartzeko deia egin dute. Lezon ere, berdintasun politikak sendotzeko beharra dagoela azaleratu du Murgibek. Premiazkoa da genero-ikuspegia txertatzen duten neurriak hartzea III. Planaren indarraldian; krisi honek desberdintasunak areagotzea eta emakumeen eskubideen erabileran eta berdintasunerako bidean atzera egitea saihesteko.

Kontraste saioen Egutegia

-Irailaren 7an, 09.30-11.30  Udal teknikariak UDALBATZA ARETOAN

-Irailaren 8an, 18.00-20.00 Gaxuxa eta Lezoko emakumeak KULTURA-ARETOAN

-Irailaren 9an, 09.30-11.30 Politikariak UDALBATZA-ARETOAN

-Irailaren 21ean, 09.15 Hezkidetza mahaia KULTURA-ARETOAN

-Irailaren 29an, Kultura/Kirola/Euskara eragileak

 

Arloa edo saila