Martxoak 8aren egitaraua prest

Al, 2022-02-28 13:01

Egitarau zabala osatu da eta eragileek zein udalak lezoarrak animatu nahi dituzte ekimen horietan parte hartzera.

Martxoaren 8ko egitaraua prest dago dagoeneko. Herriko hainbat eragilek antolatu dute Emakumeen Nazioarteko Egunaren egitaraua, elkarlanean: Lezoko Emakume Taldeak, Gaxuxa Lezoko Emakume Taldeak eta Udaleko Kultura, Kirola eta Berdintasun sailek.   

Martxoaren 5ean izango da lehen ekitaldia, izan ere, Luze edo Motz antzezlana taularatuko da Gezala Auditoriumean 19:00tan.  Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai ariko dira bertan. Generoa hizpide da ikuskizun horretan, beti ere umorearen ikuspegitik, eta honako galdera mahaiganeratuko da emanaldian barrena: gure jendartea zertan geratzen da luze eta zertan motz? Hilekoa, menopausia, neska-mutiletan jarduteko teknikak, sexua eta beste gauza asko mintzagai dira ikuskizunean.

Martxoaren 6an Lilatoi lasterketa egingo da Donostian, 10:30etan Bulebarretik hasita, eta deia luzatu da herritarrak bertaratzeko, iazko azaroaren abiatutako Lezoko Emakume korrikalariak taldean diharduten eta lasterketan ariko diren neskak animatzeko.

Martxoaren 8an, arratsalde partez, elkarretaratzea deitu du Lezoko Emakume taldeak, udaletxe aurrean edo Karlos Saldise Plazan eguraldi txarra eginez gero. Bertan txapa eta zapi moreak banatu eta Vinu, Cantares y Amor abestiari helduta Anari musikari ospetsuak egindako bertsioa abestuko da taldean. Ilargi Arrizabalaga lezoar musikariaren laguntzaz egingo da eta ondoren, manifestazioa egingo dute Errenterian mugimendu feministak egindako deialdiarekin bat egiteko. 

Martxoaren 12an, berriz, Cholitas dokumentala ikusteko aukera izango da, Gezala Auditoriumean, 19:00tan, Zinema Ttikia, Gaxuxa Lezoko Emakumeen Taldeak eta Berdintasun sailaren ekimenez. Boliviako bost emakume indigenek Aconcaguara egindako espedizioa du ardatz film horrek.  Aparteko espedizioa egiten dute, askatasun eta ahalduntze ikur gisa. Protagonistak eskalatzaileak izateaz gain, emakume ausartak dira eta mendia aske, zoriontsu eta bizi-bizirik sentitzeko espazioa dute. Euren abentura emakume izateko, tradizioa bizitzeko eta ama lurrarekin bat egiteko modu inspiratzailea da.

Azkenik, martxoaren 14tik 19ra bitartean, Gaxuxa Lezo Emakumeen Taldeak ikasturtean barrena landutako eskulanen erakusketaz gozatzeko aukera izango da Kultura Aretoan. Lan politak jarri ohi dituzte: hala nola, lanparak, mesenotxeak, kuadroak eta kaxak. Etor zaitez!

Ekimen guztiak doan izango dira eta sarrerak eskuragarri daude dagoeneko udaleko webgunean: https://www.lezo.eus/agenda

Arloa edo saila