Arraztalo eta Aldura elkarteek, Udalaren laguntzarekin, buru-gaixotasunen inguruko tailerra antolatu dute Lezon, azaroaren 24an, arratsaldeko 18:30ean Kultur Aretoan
Arraztalo eta Aldura Elkarteek, Udalarekin elkarlanean, buru-gaixotasunen inguruko tailerra antolatu dute Lezon azaroaren 24an, arratsaldeko 18:30ean Kultur Aretoan.
Tailer honek helburu du herritarrek buru-osasunari eta gaixotasun psikikoei buruz duten ikuspuntua ezagutu eta biltzea. Orain artean, elkarteek hitzaldi desberdinak antolatu dituzte gai honen inguruan lanean dabiltzan adituekin. Ekintza horiek interesgarriak izan diren arren, beste pauso bat emateko garaia dela aintzakotzat hartuta, eskualdean tailer desberdinak antolatu dituzte elkarteek. Kasu honetan, Lezoko herritarren iritziak entzun, euren ikuspuntua azaldu eta hausnarketa kolektiboa egitea da asmoa. Gaixotasun psikikoa duten pertsonen esperientziak entzunez eta gizarteak buru-gaixotasunaren inguruan dituen ideia nagusiak laburbilduz, gaia era dinamikoan landuko da.
Gizartean buru-osasunaren inguruko kezka handitzen ari den honetan, horrelako ekintzetan herritarren parte-hartzea garrantzitsua da. Horregatik, gaixotasun psikikoarekin aurretik kontaktua izan duten eta izan EZ duten herritarrak gonbidatu nahi dituzte tailerrera. Horrez gain, erakunde publikoetako ordezkari eta langileak, elkarteetako ordezkariak eta ikastetxeetako ordezkariak ere parte hartzera animatu dituzte.
Tailerrak bi orduko iraupena izango du eta Farapik koordinatuko ditu. Antolaketan Gipuzkoako Foru Aldundiaren (Gizarte Politikako Saila) eta eskualdeko lau udalen laguntza izan dugu.