Atzerapena estaldura eta aldagelak eraikitzeko lanetan

Ar, 2017-09-05 11:33

Aurreikuspenak ez dira bete, lanak aurrera eramateko enpresek beharrezkoak zituzten materialak jaso ez dituztelako. Gezalako lanak, ziurrenik, iraila amaieran bukatuko dituzte eta estaldurarenak, aldiz, urriaren erdialdean edota amaieran.

Gezalan aldagelak eraikitzeko lanak eta Herri Eskolako jolastokia estaltzeko lanak irailaren erdialdean amaitzea aurreikusia zegoen, baina aurreikuspenak ez dira beteko enpresa esleipendunek ez dituztelako beharrezkoak zituzten materialak jaso, hau da, enpresen hornitzaileek ez dizkiete garaiz bidali materialak eta horrek obrak atzeratu ditu.

Enpresak materiala jaso bezain pronto jarriko dira berriz ere martxan obrak. Lanak aurrera eramaten ari diren enpresen aurreikuspenen arabera, Gezalako aldagelak iraila amaierako bukatuta egongo dira eta aldiz, estaldurarenak urriaren erdialderako edo amaierarako.

Obren atzerapenak guraso, haur eta irakasleengan izango duen eragina dela eta udal arduradun eta ordezkariak jada Herri Eskolako zuzendaritzarekin bildu dira atzerapenaren arrazoiak azaltzeko. Era berean, guraso ordezkaritzarekin eta irakasleekin ere bilduko dira.

Ikasturte berria irailaren 7an hasiko da, hori dela eta, une horretan, oraindik, obrak martxan izango dira. Horregatik, enpresa esleipendunek segurtasun neurriak hartuko dituzte obrek ikasle eta irakasleengan ahalik eta eragin gutxien izan dezaten. Horretarako, materiala eskola orduetatik kanpo sartuko dute barrura, obren inguru guztia hesituko dute eta sare bat ere jarriko dute.

Udaletik barkamena eskatu dute herritarrengan eta bereziki guraso, haur eta irakasleengan obren atzerapenak eragin ditzakeen eragozpenengatik. Edozein modutara berretsi dute obrak amaitzean lezoarrek aisialdirako eremu estali berri bat izango dutela, Eskola orduetatik kanpo ere erabili ahal izango dena. Gezalari dagokionez, aldagela berriekin, kultur taldeek beren beharrei erantzuten dien eremu egoki eta berria izango dute.

 

Arloa edo saila