BIBETOKIA, zahartzaroaren inguruko hausnarketa sustatzeko eta bizitza betearen paradigman aurrera egiteko gune berritzailea

Az, 2025-01-29 17:01

Gaur inauguratu da Bibdetokia, zahartzaroaren eta bizitza osoaren inguruko hausnarketa eta elkarrizketa sustatzeko lekua.

Lezoko erdigunean kokatua, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ADINBERRI Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailak lagundutako BIBE ekimenari fisikoki espazio ematen dion gunea da Bibetokia. Herritarrentzako topagune gisa diseinatu da, eta, bertan, gero eta luzeagoa den gizartearen erronkei eta aukerei heltzeko saioak eta jarduerak antolatu dira. 

Bibetokia BIBE (Bizitza Berria eta Betea) proiektuaren barruan sortu zen, duela urtebete gizarte aurreratuetan zahartzearekin lotutako erronkei erantzuteko helburuarekin. 

BIBE proiektuak Lezoko Udala, Aubixa Fundazioa, Aptes, Helduak Adi, Aiton Borda Jubilatuen Elkartea eta Agijupens ditu laguntzaile. Ekimen honen bitartez, ADINBERRI Fundazioak Oarsoaldea zahartze aktibo, osasungarri eta zentzudunaren sustapenean erreferentziazko eskualde bihurtzea bilatzen duten ekintzak gidatzen ditu, erabateko bizitza garatzera eta eskualdearen bultzada sozioekonomikora bideratuta.

Gaur goizean irekieraren iragarpena Bibetokin bertan egindako prentsaurreko batean egin da, eta bertan izan dira Eider Mendoza, Gipuzkoako diputatu nagusia; Nerea Melgosa, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburua; Mikel Arruti, Lezoko alkatea; Maite Peña, Zaintza eta Gizarte Politiketako diputatua eta ADINBERRI Fundazioko presidentea; Rakel San Sebastián, Fundazioko zuzendaria; Anabel Juaristi, Aubixako presidenteordea, eta Adriana Martínez, APTESeko zuzendaria; baita Asun Carcedo eta Lurdes Garmendia ere, Aiton Bordako batzorde-kide eta proiektuko partaideak.

Eider Mendoza diputatu nagusiak nabarmendu duenez, Bibetokia martxan jartzeak berretsi egiten du Oarsoaldea eskualdeak "zahartzaroaren eta bizitza betearen" arloan duen "eginkizun nagusia"; izan ere, "ekimen aitzindari berria" da eraldaketa demografikoak dakartzan erronken aurrean. Lezon inauguratutako espazioaren "potentzial eraldatzailea" azpimarratu du. "Berrikuntzaren ikuspegi zabala eskaintzen digu, non adinekoak erdigunean dauden eta berrikuntzak elkarrizketaren, topaketaren eta parte-hartzearen emaitza izan behar diren. Aldi berean, espazio hau komunitatea egiteko topaleku bihurtzen da, pertsona guztien errealizaziorako eta bizitza osorako funtsezko elementua". 

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak BIBE proiektuak adinekoek beste belaunaldi batzuekiko erntzukizun soziala sortzeko duten garrantzia azpimarratu du. "Herrialde gisa hazteko ongizatean hazi behar da. Eta betetbehar hori komunitate osoaren erantzukizuna da: adinekoena, eta baita gizarte zibilarena ere. Horiek guztiak BIBE bezalako proiektuen bidez inplikatzea da gure konpromisoa; izan ere, gure etorkizuneko ongizatea gaur hartzen ditugun erabakietan asmatzearen mende dago".

Mikel Arruti Lezoko alkateak zaintza jarri du erdigunean. BIBE proiektuak bat egiten du Lezoko Udalaren lehentasunarekin, elkar zaintzarekin, eta nabarmendu duenez, "gaur egun dauden erronkentzako lan egiteko modu berriak sortu behar dira eta guztien artean egin behar dira, eta BIBE prozesuak elkarlan hori bermatzen du". Horregatik "ilusio eta indar handiz" jaso zuen udalak proiketua Lezon garatzeko aukera, herritarren eta administrazioen arteko harremanak sustatu eta Bibetokia bezalako espazioei "jarraipena emateko lanean jarraituko du". 

Ondoren, Anabel Juaristi Aubixako presidenteordeak hartu du hitza eta proiektuaren nondik norakoak laburbildu ditu, prozesuan agertu diren hainbat ondorio azalduz, "zahartzaroak ez du zertan gizateria osoaren erronka kolektiboetatik urrun dagoen bizitzako etapa izan, gure ingurune hurbilenaren edo beste belaunaldi batzuen inguruetatik gertu egon daiteke" eta horregatik modu transbersalean lantzen dituzte familia, osasuna, egunerokotasuna edo harremanak bezalako gaiak. 

Jarraian, Adriana Martínez APTESeko zuzendariak BIBE proiektuko partaideen garrantziaz hitz egin du. Prozesuan parte hartzen ari diren pertsonei eskerrak eman eta egiten duten lana nabarmendu du. Topaketen gasea garatzeko lehen urratsa "Lezo ezagutu eta prozesuan parte hartzera gonbidatzeko pertsona eta erakundeekin konektatzea izan da. Herriaren dinamiketan murgiltzea eskatu du eta eskertu behar dugu nola zabaldu dizkiguten besoak profesionalek, herritarrek eta erakundeek". 

Prentsaurrekoari Asun Carcedo eta Lurdes Garmendia, Aiton Bordako batzordekide eta proiektuko partaideek eman diote amaiera. Lezon eta lezoarren artean izan duen inpaktua azpimarratu dute. "Gure bizilagunak ezagutzeko aukera da BIBE, haien ezinegonak eta iritziak entzun eta gureak partekatzea ahalbidetzen digu", adierazi du Carcedok. Garmendiak Bibetokia bezalako espazioen beharra eta garrantzia aldarrikatu du. 

Urtebeteko jardueren ondoren, BIBE proiektuak 1300 pertsona baino gehiago elkartu ditu zahartzaroaren eta bizitza osoaren inguruan, hainbat topaketa, hausnarketa eta galdetegiren bidez. Hemendik aurrera, Bibetokian ospatuko dira proiektuko topaketak.

 

Arloa edo saila