Pertsonen ongizatea eta bizi kalitatea hobetzea helburu hartuta herriko irisgarritasunaren alde urratsak egiten jarraitu nahi du Udalak. Lanak 590.458,52€ko aurrekontuarekin esleitu dira eta 12 astetan igogailua eraikita egotea aurreikusten da.
Joan den maiatzean Lezoko Udalak Bekoerrota kiroldegitik Altamirako auzora joango den igogailua eraikitzeko lanen esleipen prozesua abiarazi zuen eta, beharrezko prozedurak jarraitu ondoren, dagoeneko sinatu da igogailua eraikitzeko akordioa Murias enpresarekin. Udal gobernuaren lehentasunetako bat izan da, lehen egunetik, herriko irisgarritasuna hobetzearen alde lan egitea Lezon bizi diren herritarren bizi kalitatearen, mugikortasunaren eta ongizatearen mesedetan.
Gauzak horrela, behin esleipen prozesua amaituta eta enpresarekin akordioa sinatuta, lanak 590.458,52€ (BEZ barne) euroko aurrekontuarekin esleitu dira eta igogailua 12 astetan eraikita egotea espero da.
Abuztuak 20 astelehena hasi ziren lanekin eta beraz, urte amaierarako kiroldegitik Altamira auzora doan igogailua eraikita egotea aurreikusten da. Horrela, Irisgarritasun Plana osatzen duen Irisgarritasun Plan Bertikalean jasota dagoen igogailu honen eraikuntzak, herriko irisgarritasuna hobetzeaz gain, herriko lehen igogailua eraikitzea suposatuko du.
Aipatu Irisgarritasun Plan Bertikalak herriko irisgarritasuna hobetzen jarraitzeko, faseka, hainbat igogailuren eraikuntza aurreikusten eta jasotzen du, baina Udal gobernuak hasiera-hasieratik eman dio lehentasuna kiroldegi albokoa eraikitzeari.