Adif-ek publiko egin duen moduan, egun batzuk barru hasiko dituzte Lezo-Errenteria geltokiko irisgarritasuna hobetzeko lanak.
Herritarrek eta erabiltzaileek egindako eskaera bati erantzunaz eta Madrilen lortutako akordioari esker gauzatuko dituzte geltokiko lanak. Jesus Mari Martiarena alkateak gogorarazi duenez, “EAJ-PNVk Espainiako Gobernuarekin joan den urteko aurrekontuen baitan lortutako eta adostutako akordioaren ondotik datoz, hastear diren eta ia 2 milioiko aurrekontua duten obrak hauek”.
Herritarren segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko, zehazki, jarraian azaldutako lanak burutuko dituzte:
1. Nasen arteko lur-azpiko pasabidea egingo da.
2. Eskailerak eta igogailuak ezarriko dira.
3. Argiteria hobetuko da.
4. Sarrera egokituko da.
“Uste baino beranduago datoz aipatu lanak, baina garrantzitsuena da hastear direla eta herritarren egunerokotasunean eta bizi kalitatean eragin zuzena eta positiboa izango dutela lanek. Elkarlana eta akordiotara iristea ezinbestekoa izaten da horrelako proiektu eta lanak aurrera eramateko, horregatik, elkarlanaren ildotik lanean jarraituko dugu eta herritarren bizi kalitatea eta ongizatea hobetuko duten proiektuak non nahi defendatu eta sustatuko ditugu” esan du Martiarena alkateak.
Amaitzeko, alkateak gehitu du, Adif-eko ordezkariek jakinarazi modura, ia 2 milioiko aurrekontua duten obrak Tragsa enpresari esleitu zaizkiola eta esan bezala, lanak datozen egunetan hasiko direla.