Gurutze Santuaren plaza inguratzen duten elementuek balio arkitektoniko, artistiko, erlijioso eta historiko handia dute. Elementu horien artean daude, esaterako: Santo Kristoren Basilika, San Juan Batailatzailearen Parrokia, oinetxeak eta udaletxea.
Lezo herri txikia bada ere, Hirigune Historikoak arte handia du. Gurutze Santuaren plaza inguratzen duten elementuei erreparatuz, balio arkitektoniko eta artistiko handiko gauzak aurkituko ditugu. Ezin daiteke alde batera utzi Gurutze Santuaren irudi gotikoari egin behar zaion bisita. Santo Kristoren basilikan dago. Basilika eraikin erlijiosoa da. Hasieran ermita txikia besterik ez zen, baina XVI. mendearen amaieran ustezko mirariarengatik irudiarekiko debozioa Euskadin zehar hedatuz joan zen. Hortaz, ermita zaharra kokatzen zen tokian oraingo basilika errenazentista eraikitzen hasi zen. Irudiak berezitasun bat du: Europan bizarrik gabe hiru Kristo daude eta Lezokoa da horietako bat.
Bestalde, San Juan Batailatzailearen Parrokia ere bisita daiteke. Parrokiaren idatzizko lehenengo aipamena 1399. urtekoa da. Hirigune Historikoaren bestelako alderdi nabarmenak honako hauek lirateke: XVI. mendeko eraikinak, armarridun etxeak eta XVII. mendeko Udaletxea, besteak beste.
Halaber, Lezoko Hirigune Historikoan oinetxe ugari daude, balio arkitektoniko, historiko eta kultural handia dutenak. Aipagarrienak hauxek dira: Arpire-Enea, Jamot-Enea, Paskual-Enea, Kuartela, Zabala-Etxea, Andreone.
Aipatu guztiaz gain, Gurutze Santuaren plazan kokatuta dago herriko udaletxea. 1742. urtean amaitu zuten udaletxearen eraikuntza, eta gaur egun udaletxea bada ere, XVIII. mendearen erdi aldera espetxea, artxiboa, erizaindegia, bilera-aretoa, taberna (errentamenduan ustiatua) eta armategia (gutxienez 25 fusil zituela, baioneta eta guzti) ere izan zen eraikina.
Informazio gehiago eskuratzeko Kulturako APP-an “Lezoko ibilbideak” atalaren barnean. Bertan 4 ibilbide eta lehenengoan -“Alde Zaharra” deritzan horretan- herriko eraikin nabarmen eta oinetxeko etxeei buruzko argazkiak, kokapena eta informazioa xehatua. Informazioa ere: Oarsoaldea turismoa-n