Herrigunean autoen abiadura murriztea lortzeko helburuarekin, herriko hiru gunetan txandakatuz joango den radar informatibo eta mugikor bat jarri da. Lezo Herri Eskola errepidetik gertu dago eta, horrela, bertatik igarotzen diren ibilgailuen abiadura murriztea lortu nahi da
Lezoko Udalak pertsonen ongizatea du bere lanaren helburu eta, hori dela eta, oinezkoei eman nahi die lehentasuna motordun ibilgailuen aurrean. Hau da, lezoarrak herritik segurtasunez ibiltzea da udal gobernuaren nahia. Gauzak horrela, radar informatibo mugikor bat jartzeko erabakia hartu da, izan ere, herrigunean autoen abiadura murriztuta oinezkoen segurtasuna handitzea lortuko da.
Radarrak hiru kokaleku posible ditu, nahiz eta bakar batean egon funtzionamenduan. Horiek Elias Salaberria eta Jaizkibel Hiribidea dira; azken honetan bi puntutan egongo baita. Beraz, hiru kokaleku horien artean txandakatuko da radarra.
Udalaren asmoa ez da herritarrak isuntzea, ezta etekin ekonomikoa lortzea ere. Hori dela eta erabaki da radar informatiboa jartzea, herritarrek abiadura mugak errespetatzeko kontzientzia egitea baita helburua. Hori betetzea lortzen bada herritarren segurtasunaren alde urrats handia egitea lortuko litzateke.
Radar informatiboak herriko errepide erabilienetan jarri dira eta hauek, gainera, Lezo Herri Eskola ondotik igarotzen dira, haurrentzat suposatzen duen arriskuarekin. Beraz, 2018-2019 ikasturtea hasi arte geratzen den hilabete honek gidariek abiadura mugak errespetatzeko kontzientzia har dezaten balio behar du, are gehiago aipatutakoa kontuan izanda: haurrak inguruan ibili ohi direla.
Halere, hau ez da herritarren, eta zehazki oinezkoen, segurtasunaren alde Udalak hartutako neurri bakarra, izan ere, aurretik, zebra bideak altueran jarri dira eta oinezko bideen eta herriko kale eta espaloien egokitzapen lanak ere egin dira.