Egungo espazioa parke jasangarri bilakatzeko Udalak egindako proiektuak “Udalsarean 2030 proiektu berritzaileak” programaren laguntza jasoko du.
Helburua da aipatu espazioan erabilera anitzeko parkea eraikitzea, naturari eta jasangarritasunari lotuta.
Ingurumen eta Trantsizio Ekologiko Sailak jakinarazi du Altamirako parkea parke jasangarri izateko handitze eta birmoldatze proiektuak "Udalsarean 2030 proiektu berritzaileak" programaren diru-laguntza jasoko duela.
IHOBEk eta Udalsarea 2030ek bultzatutako laguntza hauetara aurkeztutako ekimenen artean, Lezoko Udalaren proiektuak puntuazio altuena jaso du. Laguntza lerro horiek, hain zuzen, klima-aldaketarekiko arintze eta egokitzearekin, natura-ondarea kontserbatzearekin eta hobetzearekin, ekonomia zirkularrarekin, hondakinen kudeaketarekin eta trantsizio ekologikoarekin daude lotuta.
José Ángel Sanchez Ingurumen saileko zinegotziarentzat, albiste hau gobernu taldea Altamirako eremua hobetzeko dagoeneko gauzatzen ari den proiektuarekiko babes eta aitortza moduko bat da. Izan ere, lan horren helburua da espazioaren egungo egoera aldatu eta hobetzea, parkearen balio zein ahalmenak aprobetxatuz, Lezoko birika berdea bilakatu dadin, bai paseatzeko, bai naturarekin harremanetan egoteko ere, lezoarrei oro har eta Altamirako biztanleei bereziki, erabilera anitzeko espazio berri bat eskainiz.
Etorkizuneko Altamirako parke jasangarriaren helburuak Lezo 2030 Agendako garapen jasangarriaren helburuekin bat etorriko dira.
Horri jarraiki, sortuko den espazioa segurua, inklusiboa eta erabat irisgarria izango da. Mugikortasun jasangarria sustatuko du oinezkoen joan-etorria erraztuz, belaunaldien arteko elkargunerako eta gozamenerako espazio bihurtuko da eta horrez gain, klima aldaketari erreparatuz, tokiko mikroklima erregulatzen lagunduko du.
Sanchezen ustez, COVID-19ak eragindako krisiak bistako egin du gizarteak naturarengandik gertu dauden espazioekiko duen beharra, hain zuzen herritarren osasunean eta ongizatean laguntzeko. “Gure ustez, Altamiragaingo parkeak eskaera hori bete dezake”, azaldu du Sanchezek.
Asmo handiko proiektua da, ilusioz beterikoa eta errealitate bilakatzeko lehen urratsak eman ziren jada, lehenik eta behin, kiroldegitik dagoen desnibela gainditzeko eraiki zen igogailuarekin eta ondoren, gaur egun degradatuta dagoen 8000 m2-ko lursail baten erosketarekin. Azken honen kasuan, helburua da lursail horren bitartez egun dagoen berdegunea handitzea eta eremu hori erdigunera hurbiltzea horretarako sarbide bat eraikiz. 2021erako, halaber, kota handiago batera igogailu berri bat eraikitzea aurreikusten da.