Auzo-konposta guneak martxa onean

Az, 2019-11-20 12:50

Gaur egun guztira 5 gune daude martxan eta 70 familia inguruk egiten dute auzokonposta horietan.

Jasangarritasunaren bideari helduz, hondakin organikoak herrian bertan kudeatzen jarraitzeko hobekuntza eta jarraipen lanak egiten jarraituko du Udalak.

Udalak dei egiten die herritarrei auzo-konposta egitera anima daitezen.

Gaur egun Lezon bost auzo-konposta gune daude: Arretxenekoa, Lopenekoa, Aralarkoa, Andreonekoa eta Altamirakoa. Horietan guztira 70 familia inguru hartzen dute parte, hondakin organikoak herrian bertan eta modu jasangarrian kudeatuz.

Auzo-konposta guneak famili horiek kudeatzen dituzte egunerokotasunean, eta bi hilabetean behin, adituen jarraipen teknikoa izaten dute. Saio horietan auzo-konpostaren inguruko zalantzak argitu eta iradokizunak aurkeztu daitezke eta irekiak dira herritar ororentzat.

Azken jarraipen teknikoa, hain zuzen, urriaren 31an egin zen, eta emantza nagusi gisa gune guztien martxa eta funtzionamendu ona azpimarratu behar da. Era berean, aipagarria da ere Andreone eta Arretxenen 700L-ko konpostagailuak jarri direla, denborak egiaztatu baitu onpostagailu handiekin guneen kudeaketa errazagoa egiten dela eta funtzionamendu hobetzea lortzen dela. Ildo horretan, Udalaren asmoa da pixkanaka gainerako konposta guneak aldatzen joatea.

Hurrengo jarraipen teknikoa abenduaren 19an izango da. Bisitak goizeko 9:00tan hasiko dira, eta jarraituko duten ordena ondorengoa da: Altamira, Andreone, Aralar, Arretxene eta Lopene. Beti bezala, herritar oro dago gonbidatuta teknikariarekin hitz egitera.

Azkenik, 2020 urtearen hasieran familia erabiltzaileekin bilera orokor bat antolatuko du Udalak. Urte osoko emaitzak aurkeztea, zalantzak argitzea eta koordinazioa hobetzea izango da bileraren helburua eta aurreko saio guztiak bezala, bilera hori ere herritar ororentzat irekia izango da. Bilera data eta eguna aurrerako zehaztuko du Udalak.

Eta zuk, auzo-konposta egin nahi duzu?

Erabiltzaileek zalantzak izanez gero, edo familia berriek izena eman nahi izanez gero, udaletxearekin edo aholkularitza teknikoarekin harremanetan jar daitezke honako bideetatik: auzokonpostalezo@gmail.com edo WhatsApp 647 057 402.

Arloa edo saila