Gipuzkoako Foru Aldundiak eukalipto-unada bat kenduko du, zabal ez dadin, eta Jaizkibel BBEren barruan baso autoktonoa berreskuratzeko.
Lanek dirauten bitartean, Guadalupeko pistaren zati bat itxita egongo da. Bide alternatibo bat ezarriko da Santiago Biderako.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Lezoko Udalarekin batera, azken bi urteak daramatza Jaizkibelgo bigarren dorrearen parean, Gaudaluperako pistaren azpian eta Sarastizabalgo harrobiaren gainean, Gurbixi izeneko eremuan, dagoen eukaliptoen landaketaren jarraipena egiten. Unada Natura 2000 Sareko Jaizkibel BBEren (Babes Bereziko Eremua) eta Jaizkibel 23. Onura Publikoko Mendiaren barruan dago. Mendi hori Lezoko Udalaren jabetzakoa da eta foru-organoko Mendi Zerbitzuak kudeatzen du.
Denbora horretan, eukalipto ale gazteak gero eta gehiago hedatu dira, bai unada nagusiaren ondoko eremuetan, bai Guadalupeko pistaren iparraldean.
Eukaliptoa zuhaitz inbaditzailea da eta eragin handia du bertako biodibertsitatean. Gainera, espezie pirofitoa da, hau da, suari egokitua eta erraz erretzen dena eta horrek nabarmen handitzen du sute arriskua. Lurzoruaren ezaugarriak eta uraren zikloa ere aldatu dira. Horregatik guztiagatik, espezie hori ez da hedatu behar.
Horretarako, ale guztiak moztuko dira eta ondoren espezie autoktonoekin landatuko dira. Gipuzkoako Foru Aldundiak antzeko lanak egin ditu Hondarribian eta emaitza onak izan ditu: eukalipto ale guztiak ezabatu dira eta bertako landaretza berreskuratzen ari da. Lezoko unadari dagokionez, batez ere, ametzak (Quercus pyrenaica) landatuko dira, baita baso horretako espezie laguntzaileak ere.
Lanek dirauten bitartean, Guadalupeko pistaren zati bat itxita egongo da. Kontuan harturik erromes askok pista hori erabiltzen dutela Lezora eta Pasai Donibanera iristeko Santiago bide ofiziala ez bada ere, bide alternatibo bat ezarriko da, behar diren seinaleak jarriz.
Lanek bi asteko iraupena izatea aurreikusten da eta zonalde horretatik pasatzen diren mendizaleei egun hauetan bertatik ez pasatzeko eskaera egiten die udalak prekauzioagatik.