Behin behineko onespena eman zaio “Lezoko Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planari”

Og, 2022-06-16 13:46

Alegazioak egiteko epea uztailera arte irekia dago.

Maiatzean egindako udalbatzan,  behin behineko onespena eman zitzaion “Hiri mugikortasun iraunkorreko planari”.

2019ko urtean Erkidego mailan onartutako Jasangarritasun energetikoaren legean Udalentzako betebeharrak jasotzen dira, eta besteak beste hiri mugikortasun iraunkorreko planak onartzea. Betebehar hori 5.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietarako ezartzen da.

Plana aurrera eramateko, diagnostikoa eta ekintza plana burutu dira. Aholkularitza enpresa baten bitartez (Ingartek), 2020ean hasi zen Lezoko Udala plana burutzen; lehenengo diagnostikoa eta 2021. urtean ekintza plana. Epeak, pandemiaren eraginez, luzatu egin dira.

Jesus Mari Martiarena, Lezoko alkatearen esanetan: “planaren helburua, Lezoko eta bere biztanleen mugikortasun jasangarria bultzatzea eta irisgarritasuna hobetzea da”.

Joxean Sanchez, Ingurugiro zinegotziaren iritziz: “onartutako mugikortasun-planak asmo handiko jarduera multzo bat zehazten du, udalerri barruan joan-etorriak egiteko modu osasungarriagoak eta ingurumena errespetatzen dutenak ezartzea helburu dutenak, hala nola oinez ibiltzea, bizikleta gehiago erabiltzea eta garraio publikoa sustatzea, horrela kutsadura eta zarata murriztuz eta bide-segurtasuna hobetuz, eta horrek bizilagunen bizi-kalitatea hobetuko du. Gainera, partaidetza-prozesutik sortutako auzotarren eskaerei konponbideak lortzen dira, hala nola gaur egun Lezon dauden ibilgailuen arintasuna sustatezea eta aparkatzeko arazoak hobetzea.

Plana osatzeko, hainbat eragileekin elkarrizketak egin dira, partehartzea bermatzeko eta foro batzuk ere sortu ziren. Beste ekintza batzuen artean, kale inkestak ere egin dira, herritarren zalantzak, eskaerak eta kexak entzuteko.

Hainbat ardatz aztertu dira:

Oinezkoen mugikortasuna

Ibilgailuen kontaketa egin da

Bizikleta bidezko mugikortasuna

Genero ikuspegia (puntu beltzak)

Garraio publikoa

Garraio pribatua

Aparkalekuak

Landa eremua

Industria guneak

Arlo guzti hauek jasotzen dituzten ekintzak antolatu dira.

5 urteko iraupena izango duen ekintza plan hau ebaluatzen joango da. Herritarrek planari ekarpenak egiteko aukera dute orain, alegazio epea uztailean amaituko delarik. Horretarako, Lezoko Udalera gerturatu beharko dira. Plana udaleko webgunean ere eskuragarri dago.

 

Arloa edo saila