“Enarekin duen altxorra zaindu behar du lezok”

Al, 2022-05-16 13:53

 Olatz Aizpurua, Aranzadiko Ornitologia saileko kideak, Lezoko hegazti espeziei buruz hitz egin digu.

Zatoz Lezoko enarak ezagutzera! datorren ostiralean, maiatzaren 20an. Iazko edizioaren arrakastaren ondoren, proiektuak aurrera jarraitzen du.

Lezoko Udalak, Aranzadi Zientzia Elkarteko ornitologia taldearekin batera, urtero Lezora habia egitera eta ugaltzera etortzen diren hiru hegazti espezieren sentsibilizazio proiektua jarri zuen abian 2021ean. Sorbeltz arrunta, enara arrunta eta enara azpizuria urtero habiak egiteko eraikin eta etxeetako teilatu azpiko bazterrak erabiltzen dituzten hegazti intsektujaleak dira.

Datorren ostiralean iazko emaitzak aurkeztuko dituzte. Espezieei buruzko informazio gehiago ere emango da eta horiek babesteko arazo eta arrazoiez hitz egingo da.

Ondoren, irteera bat antolatu da herrian zehar enara azpizuriaren habiak ikustera. Prismatikoak eramatea gomendatzen da.

Olatz Aizpurua Aranzadiko Ornitologia saileko kideak proiektuaren nondik norakoak kontatu dizkigu.

- Nola sortu zen Enarak Lezon ekimena?

2021ean Donostiako Nidifikatzaileen Atlaserako egindako lanaren ondoren, Lezoko Udalari Lezoko hiri hegazti-faunari buruzko lan bat egitea proposatu genion. Lezoko Ingurumen teknikariak herrigunean enara azpizuriaren habiak zeudela esan zigun eta arazoak zeudela batzuetan suntsitu egiten zirelako eta hegazti horiei buruzko "zerbait" espezifikoa egin behar zela proposatu zigun. Horregatik jarri genuen martxan ENARAK LEZON proiektua.

- Lezon hainbat espezietako enarak daude.

Lezon enara-populazio handia duzue. Oso polita da habiak ikustea, zaindu beharreko altxor bat duzue herri erdian! Hirigunean ere erraz entzun eta ikus daitezke eraikinetako teilen artean habia egiten duten espezieak. Enara arrunta ere baduzue Lezoko baserrietan.

- Zeintzuk dira espezie horiek babesteko arrazoi nagusiak?

Espezieak kontserbatzeko ez da arrazoi zehatzik behar, zaindu egin behar dira, bestela desagertu egingo direlako. Zehazki, hiru espezie horiek udan eltxoak jaten dituzten hegazti intsektujaleak dira eta izurriteen kontrolatzaile funtzioa dute. Onuragarriak dira gure osasun fisiko eta mentalerako. Gainera, legez babestuta daude.

- Aurten 2021ean lortutako emaitzen berri emango duzue?

Bai, iazko erroldetan lortutako emaitzak aurkeztuko ditugu, maiatzaren 20an Lezoko Kultur Aretoan, 18:00etan.

- "Herritarren zientzia" asko entzuten dugun kontzeptua da. Zer esan nahi du?
Herritarren zientzia-proiektuez hitz egiten denean, proiektu zientifikoez ari gara, non herritarrek datuak hartzen laguntzen duten. Ornitologian, gure proiektu asko herritarren zientziakoak dira. Proiektu hau, bereziki, ornitologian hasteko pausu polita da, oso erraz bereizten diren espezieak dira eta haurrekin egin daitekeen ekimena.

- Zein izan da Lezoko herritarren erantzuna?

Lezoko Enarak proiektuak oso erantzun ona izan zuen. Gure lehen hitzaldia 2021eko maiatzaren 6an izan zen, pandemiaren egoera gogorra bizitzen ari ginen momentu batean eta Gezala Auditoriumean elkartu ginen leku gehiago izateko; 30 herritar inguru bertaratu ziren. Talde horretatik 10 pertsonek interes eta konpromezu handia erakutsi eta udaran errolda egin zuten udalerri osoan zehar.

- Argi dago jarduera polita eta beharrezkoa dela.

Bai, oso jarduera polita da eta familian egin daitekeena. Datu horiek baliagarriak dira lan zientifikoak egiteko, populazio-joera sendoak kalkulatzeko eta, azkenean, natura-ondarearen kudeaketari buruzko erabaki garrantzitsuak hartzeko.

-Jardunaldi hauek beste herri batzuetan antolatuko dituzue?

Bai, Lezon harrera ona izan ondoren eta espezie horiekin beste zonalde batzuetako proiektuak ikusita, ildo horretatik jarraitu behar dugula argi daukagu. Aurten, Kutxa Fundazioaren diru-laguntza jaso dugu, sentsibilizazio-kanpainak eta eskola-tailerrak egiteko eta web bisore bat egiteko. Bertan, hiru espezie horien habiak ikusi ahal izango ditugu Gipuzkoako udalerri guztietan eta, laster, Euskadin.

Kanpaina honetatik ateratzen diren datuak herritarren zientziako Ornitho Euskadi (www.ornitho.eus) plataforman jarriko dira. Webgune horren datuak zuzenean inportatzen dira Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailarena den Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistemara.

 

Arloa edo saila
Eranskinak
Triptikoa3.32 MB