ENERGIA ETA KLIMA ALDAKETAREN AURREAN JARDUNALDIAK ANTOLATU DIRA

Az, 2024-05-29 17:16

Iratzerri eta Lezoko Udalak elkarlanean 3 jardunaldi antolatu dituzte eta   bihar izango da lehenengoa 

Lezoko Udalaren Energia Planerako diagnosiaren aurkezpena egingo da, bihar maiatzak 30 arratsaldeko 18:30tan Gezala Auditoriumean. Agerraldi horretan, Lezoko Udalak horrela eskatuta, Izadi 21 enpresak urtarriletik maiatzera arte jaso dituen energia kontsumoen datuak aurkeztuko dira. 

Diagnosia bitan banatu da; alde batetik, arintze diagnosia deritzona egin da, 2014-2022 urte bitartean Lezo udalerriak izandako energia-kontsumoa aztertu direlarik. Horretarako, udalerriko sektoreak (garraioa, etxebizitzak, zerbitzuak eta industria) eta hauek energia-iturri ezberdinetan (argindarra, gas naturala, gasolioa, PGL eta gasolina) egindako kontsumoak hartu dira kontutan. Honez gain, udalerrian instalatutako energia berriztagarrien ekoizpena ere aztertu da.

Bestetik, egokitzeari buruzko diagnosia egin da. Ihoberen klima-agertokian jasotzen den Euskadiko Klima-aldaketari buruzko informazioaren baitan, Lezo udalerriaren tenperatura eta prezipitazioaren joera historikoak (1971-2010) eta klima-proiekzioak (2011-2099) aztertu dira.

Izadi21 enpresak egindako lanaren ondorioak Lezoko udalaren Energia Planean egokituko dira, besteak beste, energia kontsumo arduratsu eta jasangarriago baten alde egiteko ekimenak bultzatzeko. Horretarako, lezoarren lankidetza ezinbestekoa izango da. 

Horren harira, eta Lezoko Udalaren Energia Planaren diagnosiaren aurkezpenaren hurrengo egunetan, Energia-Klima jardunaldiak egingo dira Lezon bertan. Ekainaren 4an hitzaldi bat izango da, non Goinenerren eskutik, energia berriztagarrien komunitatea sortzeko aholkularitza zerbitzuez hitz egingo den. Ekainaren 6an, berriz, argindarraren faktura ulertu eta aurrezteko tailerra izango da Iratzerri Lezo Ingurumen Elkartearen eskutik.

Arloa edo saila