Garapen Iraunkorrerako 15. Helburua oinarri hartuta, basoak izango dituzte aztergai Lezo Institutuko ikasleek Eskolako Agenda 2030 proiektuan
2020/2021 ikasturteari gogoz heldu diote Lezo Institutuan, nahiz eta COVID-19aren izurriteak ez duen ikastetxera itzultzea erraztu. Halere, zalantzarik ez dute izan Institutuan, Eskolako Agenda 21etik Eskolako Agenda 2030era salto egiteko. Iraunkortasunarekin lotura duen hezkuntza proiektu honek, Nazio Batuen Erakundeak adostutako Garapen Iraunkorrerako Helburuak (GHI) ditu oinarri. Orotara 17 GIHk osatzen dute 2030erako mundu mailako agenda eta, hemen, Euskal Herrian, 18. gehitu dio Jaurlaritzak, Kultura eta Hizkuntza Aniztasuna dagokiona.
Ikasturte honetan, 2030 Agendako 15. GIHri (Lehorreko bizitza izenekoa) helduko diote ikasleek. Barneratzen duen gaia oso zabala izanik, BASOen gaian zentratuko dira: nolakoak dira Lezoko basoak, zein espezie mota dauden, azpiegiturek nola eragiten duten Lezoko paisaian, etab.
Eskola eta Udalaren arteko foroa
Aurreko ikasturte amaieran, COVID-19 dela eta, ikasleek ezin izan zuten Udalarekin bildu, egindako lanketa azaltzeko. Topaketa hau ospatzea, ordea, interesgarria iruditzen zaie, bai ikasle zein Udal-ordezkariei. Hori dela-eta, abenduaren 10an (osteguna), Lezo Institutuko ikasleen ordezkaritza bat Udaletxeko Pleno Aretora hurbilduko da, batetik Udal-ordezkariei 2020/2021 ikasturteko plangintzaren berri emateko eta, bestetik, Lezoko Udalak iraunkortasun arloan burututako jarduerak ezagutzeko.
Aurtengoa 13. ikasturtea da Lezoko Eskolako Agenda 2030 programa garatzen dena. Honez gero, ura, energia, hondakinak, mugikortasuna, biodibertsitate, kontsumo arduratsua, zarata, elikadura eta klima-aldaketa bezalako gaiak aztertu dituzte eta, bai eskolan, herrian, zein etxean, hainbat alderdi hobetzeko beharraz jabetuta, urtez urte, hainbat konpromiso hartu dituzte. Ikasturte honetan, BASOen inguruan egindako lana eta emaitzak Udalari aurkeztu asmoz, 2021ko maiatza aldera berriz ere udaletxean elkartzea aurreikusten dute ikasleek.