Apirilaren 27an “Tomatearen tailerra” egingo da.
Furgobaratza berriz izango dugu Lezon. Urteko lehen bisita izango da, neguko geldialdiaren ondoren. Hala, apirilaren 27an, Tomatearen tailerra antolatu da Lezoko Baratze Parkean 18:00etatik 19:30 bitarte.
Kutxa Fundazioak antolatzen duen ekimen honetan, tomate landareak osasuntsu edukitzeko kontutan eduki beharreko gomendioak azalduko dituzte: landaketa distantzia, zaintza, tratamenduak... Gainera, tomate landareak oparituko dira gerturatzen direnen artean.
Ekimena herritar guztiei irekita dago, ez bakarrik Baratze parkeko erabiltzaileei. Furbogaratzak ere landare ekologikoak saltzen ditu.
Baratze Parkea 59 partzelez osatua dago eta, gaur egun, hiru baratze libre daude, Baratze bat eskuratzeko interesa duenak, eskaera egin behar du Lezoko Udaleko Informazio bulegoan.
Baldintzen artean, Lezon erroldatua egotea eta Udalarekin zorrik ez edukitzea eskatzen da. Baratzak autokontsumorako direla gogorarazi nahi du Udalak eta ekologikoan landu egin behar direla.
Zer da Baratze Parkea?
Baratze Parkearen ekimenak norberaren barazkiak era ekologikoan egiteko aukera eskaintzeaz gain, aisialdi aktiborako topagune bihurtzen du parkea, giza talde ezberdinen arteko elkarbizitza eta harremana duten gune berdeak bilakatuz.
Herri-baratzeak Lezon
Lezoko herri-baratzeak Udalak sustatutako proiektua da, Ekogunearen laguntzarekin martxan jarri dena eta Gipuzkoako Baratza Parkeko Sarearen barne dagoena. San Pedro auzoaren atzealdean dagoen lursailean kokatu dira baratzak, Olatzar errekaren ezkerreko aldean.
Informazio osagarria Udaleko webgunean aurki daiteke.