Klima aldaketa eta elikadura ardatz izan dituzte aurten Eskolako Agenda 21eko Lezoko ikasleek

Al, 2020-06-29 13:33

Lanketa horren baitan, aipatu gaiak ardatz hartuta, aurten lehen aldiz marrazki eta argazki lehiaketa bat egin da LH eta DBHko ikasleen artean.

Era berean, ikasturte amaierako aldizkaria ere argitaratu da eta hori ikusgai dago udal webgunean.

Eskolako Agenda 21 ikastetxearen jasangarritasunerako eta kalitaterako hezkuntza-programa bat da. Komunitatearen partaidetzan oinarritzen da, udalerriko garapen jasangarriaren alde jarduteko hezkuntza sustatuz. Ildo horretan, ingurumen-arazoen konponbidea du ardatz eta horretarako bereziki ikasleen motibazioa, gaitasuna eta konpromisoa lantzen dira.  

Gauzak horrela, Eskola Agenda 21aren bitartez, parte hartzen duten Lezoko ikastetxeek ingurumenarekin zer ikusia duten gai ezberdinak aztertu eta jorratzen dituzte urtero. Aurten, esaterako, klima aldaketa eta elikadura izan dituzte ikasgai eta hori ardatz hartuta, ikasturte honetan, lehen aldiz, lehiaketa berri bat abiatu da aipatu programan parte hartzen duten Lezoko eskolen artean.  

Bi kategoria ezberdinetan banatu da lehiaketa, adinaren arabera: LHko ikasleek marrazki lanak egin dituzte, eta DBHko ikasleek, aldiz, argazkiak. Gure artan artista potentzialak daude, kalitate handiko lan asko jaso baitira.

Bizi izan dugun egoera hobetu ondoren argazki lehiaketaren saridunak izendatu dira eta bertako produktuez osatutako saskia jaso dute. Zorionak eta on egin!

Marrazki lehiaketan ez da irabazlerik egon eta egoera hobera joan ahala, parte-hartzaile guztiak zinemara joango dira.

Azkenik, ikasturte amaierako aldizkaria argitaratu da, Eskolako Agenda 21en baitan egindako lana biltzen duena.

Zorionak parte hartu duzuen guztioi!

Arloa edo saila
Eranskinak
Aldizkaria3.82 MB