Konposta guneen jarraipen bisitak aurrera jarraitzen dute Lezon, beharrezko segurtasun neurriak hartuta

Al, 2020-07-20 10:30

Hurrengo bisitaldia hilaren 23an egingo da eta egungo egoeraren ondorioz, segurtasun neurriak mantentze aldera, norbait bertaratuz gero, musukoa jantzita eraman beharko du denbora guztian. Era berean, Udaletik etxeko hondakin organikoak konpostajearen bidez kudeatzen jarrai daitekeela gogorarazi dute, betiere, segurtasun eta higiene neurriak mantenduz.

2020rako bisiten egutegia jarraituz, datorren hilaren 23an Lezoko konposta guneen jarraipen bisitak egingo dira. Ohi bezala, bisitaldi horiek 9:00etan hasiko dira eta ondorengo ordena jarraituko dute: Altamira, Andreone, Aralar, Arretxene eta Lopene.

Dena den, COVID19ak eragindako egoera kontutan hartuta, oinarrizko segurtasun neurri zein arauak jarraituz, momentu horretan guneetara bertaratzeko, musukoa janztea derrigorrezkoa izango da.

Era berean, etxeko hondakin organikoak konpostajearen bidez kudeatzen jarrai daitekeela gogorarazi dute Udaletik, betiere beharrezko segurtasun eta higiene neurriak mantenduz. Horien baitan gune batean 2 erabiltzaile baino gehiago ez elkartzea edota segurtasun distantziak mantentzea gomendatzen da, baita hondakin organikoak konpostagailura sartu ondoren, nahasterako garaian (ohitura izanez gero) musukoa edota eskularruak erabiltzea ere.

Hala eta guztiz ere, momentuz COVID19a sortzen duen birusa konpost bidez transmititu daitekeen inolako adierazlerik ez dagoela gogorarazten du Udalak beste behin. Izan ere, konpost guneak ondo zaintzea onuragarria da, konpostagailuek baldintza onetan lor ditzaketen tenperaturak funtzio higieniko argia baitu: birus zein bakteriak desagerraraztea, alegia, kalitatezko konposta lortuz.  Horretarako, baina, ahalik eta tenperatura altuenak lortu behar dira.

Gauzak horrela, datozen bisitek hileroko maiztasuna izango dute, urteko hilabete beroenetan lezoarren konpostagailuetan emaitza onak lortzen laguntzeko. Horrela, apirilean, maiatzean, ekainean eta orain uztailean egindako bisiten ostean, hurrengoa irailaren hasieran burutuko da eta, aurreko bisiten dinamika berdina jarraituz, konpostagailuen azterketaren emaitzen txostena bidaliko zaie erabiltzaileei. Udaberri eta udako maiztasun handiagoko bisita hauen ostean, urteko azkenekoak urrian eta abenduan burutuko dira, argitaratutako egutegia jarraituz.

Amaitzeko, Udalak lezoarrak konposta egiten jarraitzera animatu nahi ditu.

Kontaktua

Erabiltzaileek zalantzak izanez gero, edo familia berriek izena eman nahi izanez gero, udaletxearekin edo aholkularitza teknikoarekin harremanetan jar daiteke: auzokonpostalezo@gmail.com //  WhatsApp 647 057 402.

Arloa edo saila