Beti bezala, herritarren galderak erantzungo dira bertan.
2021erako bisiten egutegia jarraituz, datorren urriaren 27an (asteazkena), Lezoko konpostaje guneen urteko 7.bisita burutuko da (azkenaurrekoa). Ohi bezala, bisitak 09:00etan hasiko dira eta honako hurrenkera jarraituko dute: Altamira, Andreone, Aralar, Arretxene eta Lopene. Bisitek, printzipioz, 45 minutuko iraupena izango dute.
Azkeneko bisita abenduaren 14an izango da eta urtea, osasun neurrietan aldaketarik ez badago, pandemia aurretik ospatzen ohi zen azkeneko bilerarekin amaituko da.
Aldi berean, urriaren bukaeran ala azaroaren hasieran, gune guztietako konpost helduaren laginak hartzea eta, ondoren, analisiak egitea aurreikusten da. Horrela, Lezoko auzokonpostaren jarraipen datuak borobiltzeko aukera izango du udalak.
Ohi bezala, udalak segurtasun mezua zabaltzen jarraitu nahi du. Pandemia honen hasieratik, konpostajea segurua dela azpimarratu da. Berez, ondo eginez gero, konpostagailuen barneko tenperatura altuak bermatzen dira eta, ondorioz, lortzen den produktua, konposta, higienikoa da.
Gauzak horrela, bisitetara agertzera gonbidatuta daude herritar guztiak, izan ditzaketen zalantzak teknikariari galdetzeko.
Teknikariarekin harremanetan jartzeko bideak ondorengoak dira, posta elektronikoa: auzokonpostalezo@gmail.com eta WhatsApp bidez (647057402).
Eutsi konpostajeari!