Lezoko Udalak herri bideen inbentarioari hasierako onarpena eman zion irailaren 25ean. Ekarpenak eta alegazioak egiteko epea irekita egongo da azaroaren 8ra arte, bitartean inbentarioa jasotzen duen dokumentua jendaurrean egongo da.
Lezon herri bide ugari dago, baina orain arte ez dira denak ofizialki kokatu eta zenbatu. Udalaren jabetzakoak izanik, ikerketa lan handia egin du Lezoko Udalak Conchi Uriarte Seminario nekazal teknikariaren laguntza teknikoarekin. Bide guztiak identifikatu eta erregistroa egiteko ikerketa eta dokumentazio ariketa egin dute. Horrela, bide horietan lanak egin beharrez gero edo beste edonolako beharren bat egonez gero, errazagoa izango da bideen identifikazioa.
Inbentariorako informazioa jasotzeko hainbat bide erabili dituzte, landa eremuko hainbat herritarrekin hitz eginez, landa lanarekin eta udal artxiboan dagoen informazioa ere baliatuz osatu dute inbentarioa.
Landa ikuskapena egiterakoan ezinbestekoa izan da bizilagunekin elkartzea. Nekazaritza arloarekin duten harremanari esker, bide hauek ezagutzeko aukera gehien duten pertsonak dira, bai eta bideak gehien erabili dituztenak ere. Beraz, bizilagunekin elkarrizketak egitea inforamzio-iturri garrantzitsua izan da udalarentzat eta teknikariarentzat. Horrez gain, tokiko ikerketa ere egin dute, landa ikuskapenak egin dituzte erregistratuta ez zeuden bideak identifikatu eta denen ezaugarriak jasotzeko (zabalera, egoera, zorua, etab.).
Gainera, ikerketa lan sakona egitea beharrezkoa izan da. Udal artxiboak zein beste hainbat dokumentu aztertuz informazio bilketa zehatza egin ahal izan dute. Horretarako udal artxiboa, “Mapa Topografico Nacional” (1.928-42. urtekoa), Instituto Geográfico Nacional-ek 1982. urtean egindako planoak, Landalurreko Katastroa, Ortoargazkiak, erregistroko deskribapena eta dokumentu eta plano pribatuak baliatu dituzte.
Horiekin guztiekin Lezoko herri bideen inbentarioa sortu dute, Lezoko Udalaren jabetzakoak diren bide guztien datuak, kokapena eta beste xehetasunak jasoko dituen erregistroa. Zehazki, hurrengo dokumentuak osatu dituzte:
- Bide bakoitzeko fitxa bat, bidearen ezaugarriak jasotzen dituena (non hasi eta bukatzen den, bidearen luzera, bere egoera, erabilerak, izaera publikoaren akreditazioa, argazkiak…). Bide bakoitzari zenbaki eta izen bat ematen zaio.
- Bide guztiak jasotzen dituen planoa.
Inbentarioa Lezoko Udaleko webguneko JENDAURREAN atalean egongo da azaroaren 8ra arte, eta epe hori egongo da ekarpenak eta alegazioak egiteko.
Inbentarioa edozein egunetan kontsultatu ahal izango da Hirigintza Sailean, 8:30-13:30ra bitartean. Edozein ekarpen edo kontsulta egiteko, azterketa egin duen teknikariarekin egon ahal izateko hitzordua hartzea beharrezkoa da 943 52 43 80 telefonora deituta. Bilerak hurrengo egunetan egingo dira:
- Urriak 21, 30 eta azaroak 4 goizez 9:00etatik 14:00etara.
- Urriak 29 eta azaroak 5 arratsaldez 16:00etatik 19:00etara.