Lankidetza-hitzarmen bat sinatuko da zentroarekin, udalean praktikak egin ditzaten.
Lezoko Udaleko ordezkariek Don Boscoren instalazioak bisitatu dituzte eta zuzendari, irakasle eta ikasleekin elkartu dira mugikortasunari, ekologiari eta hezkuntzari buruzko gaiak jorratzeko.
Bisitaldian, Lezoko alkatea Jesus Mari Martiarena, Ingurumen zinegotzia Joxean Sánchez, Ingurumen teknikaria Leire Beteta, Lezoko Udaltzaingoko burua Igor Ugarte eta Kirol teknikaria Arkaitz Angiozar izan ziren.
Juan Carlos Lizarbek (Don Boscoko zuzendariak) eta Jose Luis Perezek (Berrikuntza zuzendariak) egin zieten harrera. Zentroan zehar bisita bat egin ostean, Don Boscoren historia, eskaintzen diren ikasketak eta martxan jarritako azken berrikuntzei buruzko informazioa jaso zuten udal ordezkariek. Graduen artean, Mugikortasun Seguru eta Jasangarrirako Prestakuntza berritzailea nabarmendu zuten.
Ondoren, solasaldi bat egin zen gradu horretako irakasle eta ikasleekin, eta proposamenak eta konponbideak aztertu ziren, duela hilabete batzuk Gaintxurizketan bizia galdu zuen Lezoar gaztearena bezalako istripuak saihesteko. Hildako neska Don Boscoko ikaslea zen. Gipuzkoako Foru Aldundiari aurkeztu nahi dioten proiektu batean ari dira lanean, mugikortasun seguruagoa eta ekologikoagoa lortzeko helburuarekin.
Jesus Mari Martiarenaren esanetan “Don Boscorekin lankidetza-hitzarmen bat sinatu nahi dugu, Mugikortasun Seguru eta Jasangarrirako Graduko ikasleek Lezoko Udalean praktikak egin ahal izan ditzaten; Lezon onartutako Mugikortasun Planean jasotako ekintza batzuk martxan jartzen lagunduz”.
Joxean Sanchezen iritziz "gure Mugikortasun Plana aurkeztu diegu Don Boscoko ikasle eta irakasleei, eta ziur gaude beraiekin elkarlanean arituko garela, planean jasotako ekintza batzuk gauzatzeko; hala nola, herritarrak mugikortasun-gaietan sentsibilizatzea eta informatzea, eskola-bide seguruak egitea eta abar".