Lanen helburua erreka ertzeko landaretza berreskuratu eta ur ibilgua naturalizatzea da. Obrarengatik kenduko diren zuhaitzak ordezkatuko dira eta lorategi berria diseinatuko da.
Hasi dira dagoeneko Lopene erreka birnaturalizatzeko lanak. Aurreikuspenen arabera lanek bi hilabete iraungo dute. Lehen lanak auzokonposta eremua desmuntatu eta hainbat zuhaitzen mozketa izango da. Lanak iraun bitartean errekaren gaineko oinezko pasabidea itxita egongo da segurtasun arrazoiak direla eta.
Obra materiala eta makinariarentzako eremua berdegunean kokatuko da eta lanak amaitzean berdegunea berritu egingo da.
Berreskuratuko den erreka zatiak 100 metro inguru ditu. Erreka ertzak leundu (etzanagoak egingo dira) eta bihurgunetasuna emango zaio ur ibilguari.
Birnaturalizazioan material naturalak erabiliko dira, hala nola, egurrak, harriak, landare biziak, eta abar. Landatuko den landaretza ibar basoko bertako espezieak dira, hala nola, sahatsak, haltzak, lizarrak, elorriak, hurritzak eta abar.
Horretaz gain, errekaren ezkerreko ertzean, errepiderantz ematen duena, zuhaitz zerrenda densifikatuko da errepideko zarataren aurrean babesa handitzeko.
Lan hauek Lezoko Udala eta URA Ur Agentziak 2020 urtean sinatutako hitzarmenaren baitan adostutako ekintza planean barneratuta daude. Hitzarmen honen helburua Lezoko erreken berreskurapena bultzatzea da, bai erreken balio naturala handituz baita uholdeen arriskuei aurre eginez.