Joan den astean egin zen Gipuzkoa Argitu tailerraren harira, Udalak ezagutzera eman ditu azken urteetan energia kontsumoa murrizteko hartutako neurriak. Gipuzkoa Argitu tailerrean, besteak beste, energia merkatuaren nondik norakoak ulertzeko eta fakturaren irakurketa egin eta ulertzeko azalpenak eman ziren; oso tailer interesgarri eta praktikoa izan zen eta partehartzaileak gustura azaldu ziren
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lezoko Udalak Gipuzkoa Argitu egitasmoa aurkeztu zuten joan den asteartean eta ostegunean tailerra eskaini zen Kultur Aretoan. Tailerrak helburu zuen elektrizitate-kontsumoari buruzko datuak ezagutzeko eskubidea praktikan jartzea eta, hortik abiatuta, erabaki egokiak hartzeko laguntza eskaintzea. Gauzak horrela, besteak beste, energia merkatuaren nondik norakoak ulertzeko zein fakturaren irakurketa egin eta ulertzeko azalpenak eta norberaren kontsumo eta potentzia ezagutzeko argibideak etab. eman ziren. Oso tailer interesgarri eta praktikoa izan zen eta partehartzaileak gustura azaldu ziren jasotako informazioarekin. Azalpen horien bitartez, herritarrek norberaren etxeko energia kontsumoaren murrizketa eta eraginkortasuna handitzea lortu nahi da.
Herritarrei zentzuz eta arduraz jokatzeko eskatzeaz gain, Udalak ere eredugarria izan behar du alor honetan eta, hori dela eta, hainbat neurri hartu ditu Udalak energia kontsumoa murrizteko helburuarekin.
Horren harira, Udalak ezagutzera eman ditu azken urteetako energia elektrikoaren kontsumo eta gastu datuak. Izan ere, ingurumenaren zaintzarekin duen konpromisoa medio, azken urteetan energia elektrikoaren kontsumo eraginkorra sustatzeko lanean aritu da Udala. Are gehiago, energia elektrikoaren hornidurak jasan dituen arau aldaketak eta salneurrien etengabeko gorakadak ezinbesteko egin dute Udalak energia kontsumo eraginkorragotara jo behar izatea.
Energia kontsumoak behera egin du azken urteetan
Azken urteetan, Lezoko azalera urbanizatua handitu den arren, kontrataturiko potentziak, kontsumoak eta fakturazioak beherakada garrantzitsuak izan dituzte. Azken 7 urtetan, kontrataturiko potentzia elektrikoa %32 murriztea lortu da, fakturazioa %12 inguru jaitsi da eta orduko kontsumitutako Kilowattak %13 inguru. Era berean, epe horretan, argiteria publikoaren kontsumoaren beherakada %14koa izan da eta eraikin publikoena, berriz, %12koa izan da.
Energia kontsumoa murrizteko helburuaren eta energia eraginkortasunaren aldeko konpromisoaren baitan kokatu behar ditugu aurreko datuak. Esan bezala, Udalak azken urteetan hainbat lan burutu ditu eta zenbait neurri hartu ditu hori horrela izan dadin. Urratsik egin ez balitz, energia elektrikoaren tarifek izan dute gorakada dela eta egungo kostua bikoitza litzateke, eta horrek, eragina izango luke, baita ere herritar guztien poltsikoetan.
Hurrengo taulan energia horniduraren bilakaera adierazten da:
ENERGIA HORNIDURA | ||
---|---|---|
GASTUA | KONTSUMITURIKO KWH | |
2011 URTEA | 194.561,56 € | 1.250.157 |
2014 URTEA | 178.784,85 € | 1.100.617 |
2017 URTEA | 171.095,05 € | 1.091.882 |
Jarraian, atalka azaltzen dira argiteria publikoaren eta eraikin publikoen kontsumo eta gastuen eboluzioa:
ARGITERIA | ||
---|---|---|
GASTUA | KONTSUMITURIKO KWH | |
2011 URTEA | 119.701,00 € | 920.166 |
2014 URTEA | 104.110,31 € | 793.776 |
2017 URTEA | 110.452,30 € | 793.162 |
ERAIKIN PUBLIKOAK | ||
---|---|---|
GASTUA | KONTSUMITURIKO KWH | |
2011 URTEA | 70.852,71 € | 312.190 |
2014 URTEA | 71.576,47 € | 292.438 |
2017 URTEA | 55.182,20 € | 273.910 |
Azkenik, azken urteetan kontrataturiko potentzia elektrikoaren bilakaeraren datuak:
KONTRATATURIKO KW BILAKAERA | |
---|---|
2010 URTEA | 744,54 |
2014 URTEA | 681,49 |
2017 URTEA | 504,37 |