Guztira 59 partzela daude eskuragarri eta izen ematea zabalik egongo da azaroaren 2a arte.
Edozein herritarrek du parte hartzeko aukera eta interesdunek udal informazio bulegoan edo erregistro elektroniko bitartez aurkeztu beharko dute eskaera.
Lezoarrek urteak daramatzate Baratze Parkea ekimena kudeatzen eta ekimen honek norbere barazkiak era ekologikoan landatzeko aukera eskaintzen die. Era berean, Baratze Parkea aisialdi aktiborako topagune ere bilakatzen da eta giza talde ezberdinen arteko elkarbizitza eta harremanak sustatzen ditu.
Ekimen horri helduta eta jarraipena emateko asmotan, Lezoko Udalak eta Kutxa Ekoguneak lankidetza hitzarmena berritu dute eta horri jarraiki, Udalak Baratze Parkeko herri baratzeetan izena emateko epea zabaldu du gaur, orain arteko erabilera lizentziak bete baititu gehienezko 6 urteak.
Izena emateko baldintzak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa
Guztira 60 metro karratuko 59 partzela egongo dira oraingoan eskuragarri Lezoko Baratze Parkean eta interesdunek azaroaren 2a arte izango dute bertako baratzeetan izena emateko epea. Horretarako ezinbestekoa izango da Lezon erroldatuta egotea eta azken hiru urtetan herrian bertan bizitzea. Horrez gain, onuradunek ondorengo baldintzak ere bete beharko dituzte:
- Aisialdiko baratze ekologikoan nekazaritza eta laborantza jarduerak egiteko gaitasun fisikoa izatea.
- Adingabeen eskaerak aitaren, amaren edo tutorearen bermearekin batera aurkeztu beharko dira, eta pertsona heldua izango da arduraduna arautegi honen ondorioetarako.
- Lezoko Udalarekiko zerga betebeharren eta bestelakoen ordainketa eguneratuta izatea.
- Beste baratze ekologiko baten erabiltzaile den familia unitate bateko kide ez izatea.
- Eskatzaileak zein familia unitateko kideetako inork Lezon ez izatea nekazaritza jarduetarako balio duen landa lurrik, ez jabetzan, ez usufruktuan, ez errentan.
- Aisialdiko baratze ekologikoak eduki izan dituenean, arautegi honetan jasotakoa ez betetzeagatik zigorrik jaso ez izana.
Izena emateko, halaber, interesdunek eskaera inprimakiak bete eta horiek Udal informazio bulegoan edo erregistro elektroniko bitartez aurkeztu beharko dituzte, gehienez, azaroaren 2an. Eskaera inprimakia eskuragarri hemen. Horrekin batera, ondorengo dokumentazioa ere aurkeztu beharko da:
- NANaren edo legez horren ordezkoa den dokumentuaren fotokopia
- Pentsioduna, erretiroduna, familia ugariduna, langabea edo gizarte-larrialdietarako laguntza jasotzailea izatearen egoera egiaztatzen duen dokumentua, hala izanez gero.
Behin izen emate epea amaituta eta eskaera guztiak jasota, Udalak onartu eta baztertuen zerrenda argitaratuko du eta 10 eguneko epea zabalduko du erreklamazioak egiteko.
Epe hori pasata, onartu eta baztertuen behin-betiko zerrenda osatu eta 59 partzelak zozkatuko ditu Udalak.
Informazio gehiagorako:
Edozein kasutan, Baratze Parkearen inguruko informazio osatuagoa zein deialdi honen inguruko informazio guztia hemen eskuragarri