Zubitxo errekako labadero inguruan isurketa bat hauteman dute gaur goizean. Dagoeneko identifikatu dute arazoa eta ez du kalte larririk sortu.
Zubitxo errekara irteera duen hodi bat ur zikina isurtzen ari zen. Lezoko Udalak herritar batengandik jaso du jakinarazpena eta bertara gerturatu dira Ingurumen Teknikaria eta Ur Zerbitzuen arduraduna egoera aztertzera.
Hodi horrek euri urak garraiatzen ditu, beraz, ez luke inolako ur zikinik isuri beharko. Euri uren hoditeriaren planoak aztertu ostean, inguruko kale batean egiten ari diren eraikin bateko obretako hondakinak izan direla egiaztatu dute. Lanak egiten ari diren eremuan euri urak jasotzen dituzten bi sareta kokatzen dira eta hondakin zeramikoak bai eta mortero hautsa ere bertatik erortzen ari ziren.
Dagoeneko obrako arduradun eta langileak jakinaren gainean daude eta isurketa eten da. Zorionez, isuritako elementuak ez dira kutsakorrak eta ez dute kalte larririk eragin. Gainera, herritarrek azkar detektatu eta jakinarazi izanari esker, ondorio larriak ekidin ahal izan dira.