Korrika saioak antolatuko dira astero Lezoko emakumeentzat

Ar, 2021-11-16 15:17

Jon Amiama Jauregi KOZ orientatzailea eta Maialen Pikabea Huete, proiektuko arduradunak, proiektu honen berri eman digute.

Lezoko Udalak jarduera fisikoa eta kirola bultzatzen jarraitzen du beti. Oraingoan, ekimen berri bat antolatu du, herriko emakumeei zuzendua berdintasun eta kirola sailen eskutik eta MuittuLezo proiektuaren barnean dagoena.

Azaroaren 22tik aurrera, “Korrika Saioak” egingo dira astelehenero. 19:00etan izango dira, Koldobike Gezala Frontoian (Bekoerrota kiroldegia) hasiera dutenak.

-Kaixo Jon eta Maialen, ekimen berri hau nola eta zergatik sortu da?

-Emakumea eta kirola uztartzearen beharra ikustetik dator. Asteko saioa aitzakia izatea nahi dugu, emakume ezberdinak elkartu daitezen kirolaren bueltan. Kirola hainbatetan helburutzat jartzen da, honelakoekin ordea ikusarazi nahi dugu eraldaketarako erreminta ere izan daitekeela, jardueraz haratago doala sinisten dugu. Pasaian ere hasiak dira eta Lezora ekarri eta ezartzea interesgarria iruditu zaigu, hor gure erronka.

- Nori zuzendua dago? Lezon bizi behar dira?

-Lezoko udal programa da, MuittuLezo estrategia barnean kokatzen dena, hortaz, hasiera batean lezoarrei bideratua legoke. Bertan, emakume orori, ez dago mugarik horren barnean.

- Edozein adinetako emakumeak aurkeztu daitezke? Inoiz korrika egin ez baduzu ere, gerturatzeko aukera duzu?

-Bai noski, esan bezala ez dago mugarik. Bakoitzak bere maila dena dela egin dezake. Izango da interesa izan baina aurrez ibili gabekorik, baita talde dinamikaren parte izan nahi eta korrika dabilenik ere. Emakume orori irekia, helburua edozein dela. Hor egongo da Maialenen eskua eta lana, talde anitz horretan guztiek izatean leku. Lehen urratsa eman ez duten horiengan arreta berezia jarri nahi dugu. Korrika ez da egun batetik bestera ikasten, baina talde giro onean, ariketa ezberdinekin, oinez-korrika tartekatuz eta pixkanaka aurrera egitean datza, ondo sentituz eta egiten den horrekin gozatuz. Azken emaitza baino prozesuan zehar gustura izatea bezalakorik ez dagoela uste dugu, ez duzu uste?

- Zeintzuk dira ekimen honen helburuak?

-Hiru ditugu nabarmendu nahi ditugunak: Lehena, partaideek astelehenero 19:00ak iristeko ilusioa izatea, gustura etortzea, alegia. Aisialdia denez, ondo pasatze ikuspegia  gakotzat dugu. Bigarrena, emakumeei korrika egiteko erreminta, baliabide eta ezagutzak helaraztea euren egunerokoan autonomia izan dezaten, ahalduntze prozesua kirolari begira azken finean. Hirugarrenik, eta azkenik, ohitura osasuntsuak sustatzea udalerrian eta bertakoekin. Beste nolabait esanda, norbanakoa nahiz ingurua modu ezberdin batean ikusteko aukera eskaintzea.

- Animatzen diren emakumeak, zer egin behar dute?

-Azaroaren 22an 19:00etan Bekoerrota kiroldegiaren atzealdean dagoen Koldobike Gezala frontoira gerturatzea besterik ez. Honetarako, informazio gehiago behar izanez gero koz@lezo.eus edota 663.228.031 telefonoak dituzte eskura, atsegin handiz hartuko ditugun zalantzak argitzeko. Ahaztu aurretik, adierazi doakoa dela eta ez dagoela ikasturteko konpromisorik, hau da, etorri lehen egunean, probatu eta erabaki hurrengo asteari begira, baina probatu. Probatu gabe ezin daiteke jakin gustuko ez denik, hortaz, badugu horretarako hitzordua, astelehenean 19:00etan.

-Bukatzeko, Lezon kirola maitatzen dela argi dago ezta?

-Bai bai, emakume korrikalarien ekimenaz gain, adinean gorago dauden horientzat baditugu Tipi-topa eta Martxan saioak, arrakastatsu direnak. Lehena, ostegunero herriko plazatik 10.30etan paseotxoa emateko jarduera da, bigarrena, aldiz, asteartero 10:00etan kiroldegian ariketa ezberdinak egitekoa. Bi hauekin, egunerokoan jarduera fisikoa egiteak duen garrantzia islatzen da, non taldean eginez errotu eta ohitura bilakatzea nahi dugun, herritarren aktibotasunean eragin hain zuzen. Gaur egun, 30 lagunen bueltan gabiltza ostegunero eta 25en bueltan asteartero. Talde hauek ez daude itxiak, hortaz, gustu duenak badaki non gauden, eta zalantzetarako aurrez aipaturiko kontaktuak lituzke eskura.

Arloa edo saila
Eranskinak
Kartela558.23 KB