MULTIKIROLA DA BIDEA; PROBATU GABE EZ DAGO JAKITERIK

Or, 2026-05-08 13:17

Datorren 2026-2027 ikasturterako Eskola Kirolean izena emateko epea zabalik izango da maiatzaren 11tik 22ra, eta Oarsoaldeko udalek mezu argi bat zabaldu nahi dute: haurrei aukerak eman behar zaizkie, esperimentatzeko, ikasteko eta, batez ere, gozatzeko. Horretarako, Multikirola programa da biderik egokiena.

Azken hamarkadetan Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako udalek elkarlanean jardun dute eskola kirola hobetzeko, eta esperientziak erakutsi du aniztasunean dagoela benetako balioa. Multikirolak ez du soilik kirola egitea proposatzen; haurrek hainbat jarduera ezagutzeko, euren gaitasunak garatzeko eta presiorik gabe euren bidea aurkitzeko aukera eskaintzen du.

Izan ere, adin goiztiarretan kirol bakarrean espezializatzea baino askoz aberasgarriagoa da jarduera ezberdinak probatzea. Multikirolak koordinazioa, talde-lana, errespetua eta autonomia lantzen ditu, eta horrek eragin zuzena du haurren garapen fisikoan ez ezik emozionalean eta sozialean ere. Haur bakoitzak bere erritmoan hazteko aukera du, lehiaren gainetik ikaskuntza eta gozamena lehenetsiz.

2026-2027 IKASTURTEA

Oraingoan 2026-2027 ikasturteko Multikirola programaren izen-emate epea aurkeztu dute Leire Mazizior Errenteriako kirol zinegotziak, Eneritz Arruti Lezoko kirol zinegotziak, Edorta Fernández Oiartzungo kirol zinegotziak eta Julen Rodríguez Pasaiako kirol zinegotziak. Gainera, urteotako Gipuzkoako Eskola Kiroleko hastapen eredua aldarrikatu eta balioetsi nahi izan dute.

Eskola Kirola egiteko baldintzak inoiz baino erakargarriagoak izango dira hurrengo ikasturtean. Izen emateko epea maiatzaren 11tik 22ra izango da eta kuotak nabarmen gutxitu dira: 

  • Multikirola eta EKEko ikasturte osoko kuota 60 €.
  • JolasHeziko ikasturte osoko kuota 30 €.
  • 2025-2026 ikasturtean Hezkuntza Sailean bekadun (garraioko bekadunak izan ezik) izandakoek doako kuota.

Neurri hauek aukera berdintasuna sustatzeko eta familia gehiagok parte hartzea ahalbidetzeko hartu dira.

Bide batez, udal ordezkariek adierazi dute lau udalek bat egiten dutela Gipuzkoan indarrean egon den kirol hastapeneko ereduarekin. Haurra jartzen dute erdigunean eta arrazoi pedagogikoak, garapenekoak eta autotelikoak aztertu ondoren, Multikirola programa babesten dute. Lau herrietako ikastetxe eta klubekin hitz egin ondoren, adierazi dute Oarsoaldean eta kirol instalazioetan benjamin eta alebin mailetan Multikirola programa lehenetsiko dela. Programa horretan sartzen dira aste barruko bi saio eta larunbatetako topaketa.

Kirol eskolek hastapen jarduera hori aste barruko saio batekin osatu ahal izango dute. Alebinetako bigarren urteko haurrek bigarren saio bat egiteko aukera izango dute kirol eskolaren batek bidezkoa ikusiko balu. Bestetik, kirol eskolen asteburuetako jarduera igandeetan egitea lehenetsiko dute, eta famili kontziliazioa dela eta jardunaldi horiek gehiegi ez izatea eskatu dute.

Azken urteotan bezala, Multikirola, JolasHezi eta EKE programetan parte hartzeko izen-emateak ikastetxeetan egin beharko dira.

Sustapen kanpainaren leloa MULTIKIROLA DA BIDEA; PROBATU GABE EZ DAGO JAKITERIK da. Mezu sinplea baina indartsua da: haurrei aukerak eman behar zaizkie. Ez dago jakiterik probatu gabe, eta ez dago hazkunderik esperientziarik gabe. Horregatik, Oarsoaldeko udalek eta ikastetxeek dei egiten diete familiei: eman izena, parte hartu eta utzi haurrei kirolaz gozatzen, presiorik gabe, askatasunez eta ilusioz. 

Multikirola ez da soilik kirola: bizipenak dira, lagunak dira, konfiantza da; eta batez ere, etorkizunerako oinarri sendoa.
 

Arloa edo saila