Argazki lehiaketak badu txapelduna

Ar, 2022-12-13 14:23

Eneritz Baldaren argazkia izan da saritua, 70 argazki baino gehiago jaso ondoren.

Lezoko Udalak 2023 urteko egutegia prestatzeko lehiaketa bat jarri zuen martxan.

70 argazki baino gehiago jaso ostean, irabazlea Eneritz Balda Aparicio izan da, “Gabonetako plaza” izenburua duen argazkiarekin. Saria, Jesus Mari Martiarena Lezoko alkateak, eman dio gaur goizean.

Argazkilaritza asko gustatzen zaiola adierazi du eta argazkia 2021eko abenduaren 31ean atera zuela. “Zeruak zuen kolorea oso polita zen eta egun berezia zen gainera”. “Oso pozik nago sari honekin, ez nuen espero eta herritarrek nire argazkia beraien etxeetan edukiko dute orain” azaldu du.

Martiarenaren esanetan: “aurtengo lehiaketa, iazkoa bezala, kalitate handikoa izan da. Herriko toki eta momentu kuttunen argazki mordoa jaso dugu. Gainera, txapelduna lezoarra izan da eta saria tokiko merkataritza sustatzeko balioko du”.

200 euroko sariarekin zer egingo duen galdetu ostean, pista batzuk eman dizkigu: “herriko denda batzuk begiratu ditut jadanik eta arropa asko gustatzen zait”.

Egutegia udaleko webgunean ikus daiteke gaurtik aurrera. Egutegi handiak eta txikiak udaletxean eta Kultura departamenduan banatzen hasiko dira abenduaren 19tik aurrera. Ez galdu Lezoko irudi kuttunenak zure alboan izateko aukera.

Arloa edo saila
Eranskinak