Artistak gogotsu agertu dira gaur goizeko prentsaurrekoan. Sarrerak doakoak dira eta udaleko webgunean edo APP-an lor daitezke.
Kilometro Lezori hasiera emateko egun gutxi falta dira. Hori dela eta, aurkezpena egin da gaur goizean parte hartuko duten hainbat artistekin batera.
Ekitaldia Jesus Mari Martiarena, Lezoko alkatearen hitzekin hasi da: “aurtengo edizioa oso berezia izango da eta antolakuntzarekin oso harro nago. Lezok kultura behar du”.
Ion Pombar, Lezoko Udaleko Kultur zinegotziaren ustez, “jaialdi hau pandemian sortu genuen, ausartak izan ginen eta oso ondo atera ziren lehenengo bi edizioak. Herriko kultura sustatzeko konpromisoarekin jarraitzen dugu”.
Xanti Val, Kultura teknikariak adierazi du “estilo eta izaera desberdinetako artistak izango ditugu herrian. Egungo euskal eszenaren mostra zabal bat egongo da ikusgai: antzerkia, dantza, zirkoa, musika… Emakumeen presentzia lehenetsi da eta lerro burutan: Liher, La Basu, Noa & the Hell Drinkers edo La La Love You bezalako artista esanguratsuak izango ditugu Lezon”.
Hala, abuztuaren 19tik irailaren 3a arte, musika, zirkua, dantza eta antzerkia uztartuko ditu kultur agenda honek, publiko desberdinei zuzendua. Nobedade bezala eta jaialdiari amaiera emateko, Musika Taldeen Erakustaldi erraldoia antolatu da lehen aldiz herrian.
Aurkezpenean hainbat artistek hartu dute hitza, Ilargi Arrizabalagaren bigarren partehartzea izango da jaialdian adibidez. “Pozik sentitzen naiz, halako jaialdi bat Lezo bezalako herri txiki batean antolatzea garrantzitsua delako. Artista gazteei aukera hau ematea oso polita da”.
Orratx Dantza Taldetik argi daukate “plazer handia dela gure lana Lezon berriz aurkeztea. Oso jaialdi borobila da, denetarik dago: zirkoa, dantza, antzerkia, musika… Antolakuntza txalotu behar dugu”.
Berdinki Zirkuko partaideentzat “ohore bat da gure ikuskizuna Lezora ekartzea. Hitz gutxikoak gara, gorputzarekin hitz egiten dugu guk oholtzan, horregatik, herritarrak gure lana ikustera gerturatu daitezen gonbidapena luzatzen diegu”.
Noa & The Hell Drinkers taldearen hitzetan: “oso pozik gaude Lezora 4 urte geroago bueltatzeagatik, oso oroitzapen ona dugu egun hartaz. Aurten, 8-10 lagun gonbidatu ditugu gure kontzertuan kolaboratzea. Hainbat sorpresa prestatu ditugu”:
The Fake Cousins taldeak ere jaialdian parte-hartuko du: “ilusioz beterik gaude” adierazi dute.
Aurkezpena amaitzeko Love 23 taldeak Kilometro Lezon parte-hartzeko aukera eskertu nahi izan du “bi urte daramatzagu taldean eta bat kontzertuak egiten. Ez dugunez inoiz Lezon jo, aukera paregabea izango da”.
Musika taldeen erakustaldia
Aurtengo nobedade nagusiena da. 12 kontzertu ospatuko dira arratsaldeko 16:00etatik – 00:00etara etenaldirik gabe. Bi eszenatoki egongo dira eta “ping-pong” antzeko estrategia erabiliko da; hau da, kontzertu bat amaitu eta jarraian ondorengoa hasiko da beste aldeko eszenatokian.
Gainera, herriko eta inguruetako artistak ere gonbidatu dira aurten: Ilargi Arrizabalaga, esaterako. Errenteria, Irun, Donostia edo Bera de Bidasoako artistak ere egongo dira, musika estilo anitzekoak: Pop, Rap, Regetoia, Blues, Boogie, Rock, Indie…
Foodtruck furgonetak
Erakustaldiaren iraupena kontuan hartuta eta jaialdia girotzeko, Herri Eskola inguruan pare bat foodtruck (janaria saltzen duten furgonetak) egongo dira aurten. Ogitartekoak eta izozkiak erosteko aukera egongo da, kontzertuak ikusten ari garen bitartean meriendatu eta afaltzeko aukera eskainiz.
Txozna bat ere jartzea aurreikusia dago, edariak erosteko.
Horiek horrela, programazioa ondorengoa izango da:
Abuztuak 19, 20:00 Nuvanut (Myriam Perez)
Abuztuak 20, 20:00 Mikra (Berdinki Zirkua)
Abuztuak 26, 20:00 Akabo (Barsanti Teatroa)
Abuztuak 27, 20:00 Maña (Manolo Alcantara)
Irailak 2: Ay Karmela! (Orratx Antzerki Taldea)
Irailak 3: Musika Taldeen Erakustaldia erraldoia:
16:00 Gotzen, Musika Eskolako Banda
16:20 Ilargi Arrizabalaga
16:40 Caste
17:00 La Basu
18:00 Cliché
18:30 Noa & the Hell Drinkers & friends
19:45 The Fake Cousins
20:15 DJ Artie Escolar
20:30 Love 23
20:50 Liher
22:15 DJ Artie Escolar
22:45 La La Love You
Ekitaldi guztiak Herri Eskolako patioan eskainiko dira, aire librean. Doakoak izango dira, baina aforoa kontrolatzeko asmoz, sarrerak aldez aurretik hartu beharko dira ohiko bideen bitartez: kultur bulegoan, udaleko webgunean edota APP-an, ahal den neurrian azken bi aukera hauek lehenetsiz.