Jaiek egun bat gutxiago izango dute, Jai Batzordeak horrela erabakita; beraz, lau eguneko iraupena izango dute eta irailaren 13tik 16ra bitartean ospatuko dira 2018ko Santakrutzak. Halere, herritarren gozamenerako egitarau zabala antolatu da
2018ko Santakrutzak ate joka ditugu eta, hori dela eta, aurtengo jaiek izango duten aldaketa nagusienaren berri eman nahi du Udalak. Jai Batzordeak horrela erabakita, jaiak irailaren 13an hasi eta 16an amaituko dira, ostegunetik igandera, alegia. Hau da, jaiek aurten egun bat gutxiago izango dute, eta beraz, igandea izango da Santakrutzetako azken jai eguna.
Baserritarren eguna larunbatean
Aldaketa Jai Batzordeari egindako eskaera batetik dator, izan ere, baserritarren eguna astelehenean ospatu ordez egun horretako ekimenak larunbatean egiteko eskaera egin dute baserritarrek. Jai Batzordeak eskaera aztertu eta ontzat eman du eta beraz, eskaerari erantzunaz, aurten, baserritarren eguneko ohiko egitaraua larunbatean egingo da, egun horretan egin ohi diren gainontzeko jarduerekin batera, eta ondorioz, jaiek egun bat gutxiago iraungo dute.
Udalak Jai Batzordearen erabakia errespetatu du
Udalak Jai Batzordearen esku utzi izan du beti herriko jaiak antolatzeko ardura eta, horregatik, bertan hartutako erabakiak errespetatzen ditu. Gauzak horrela, aurtengoan ere, ohi bezala, jaien antolaketa Jai Batzordearen esku geratu da eta bertan hartutako erabakia izan da Santakrutzek egun bat gutxiago izatea.