2023 urteko Inauterien egitaraua aurkeztu da. 35 urte betetzen dituzten Inauteriek pandemiaren aurreko egitura izango dute.
Lezoko Udalak 2023.urteko Inauteriak aurkeztu ditu gaur goizean. Jesus Mari Martiarena, Lezoko alkatearen esanetan “zorionez, betiko Inauteriak bueltan izango ditugu herrian. Pandemia aurreko Inauterien egitura antolatzeko aukera izango dugunez, oso pozik gaude. Festa giroan egoteko aukera bikaina da”.
Hala, otsailaren 16tik 21ra bitarte antolatuko diren 20 ekitaldiek kolorea emango diote herriari.
Ostegunzuriari hasiera Lezoko Herri Eskolan emango zaio. Bertan, Trapujaleri harrera eta ongietorria egingo zaio. Ondoren, 19:30etan Trapujarelen jaitsiera berreskuratuko da. Ohi bezala, Martizkone baserritik aterako da Tomas Garbizu Musika Eskolako taldeak alaiturik eta Alde Zaharreko Joaldunen laguntzarekin. Gurutze Santuaren Plazara iristean, Trapujaleren lagunak omenduko dira. Aurtengo oroigarri berezia, oso berezia, Joxe Jabier Anuariz zenaren familiari emango zaio.
Ekitaldi guztien artean ondorengoak aipagarriak dira:
- Lezo Institutua eta Lezo Herri Eskolaren emanaldia Bekoerrota Kiroldegian.
- Trapujale festa, Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleen eskutik.
- Sorgin dantza, Zirikuen kalejira eta “Erronkariko dantzak”.
- Larunbatgorrian gazteek izango dute protagonismo handiena. Ekitaldi desberdinen artean desfilea, karro-poteoa, mozorro festaren aurkezpena eta mozorro afari herrikoia antolatuko dira.
- Igandeubel egunean, Murixka Dantza Taldearen eskutik kalejira eta dantza emanaldia antolatuko dira.
- Otsailaren 20an, astelehenarren, desfilea herriko kaleetan zehar eta ondoren dantzaldia Lezoko Eztandak taldearen eskutik.
- Eta Lezoko inauteriei amaiera emango zaie ohi den bezala, asteartebeltzean.
- Arratsalde hasieran, Trapujale txikiaren epaiketa eta txokolatada, Lezoko Herri Eskolan.
- Ilunabarrean, Trapujaleren epaiketa eta herio bidaia Gurutze Santuaren plazan.
Jon Legorburu, Trapujale Taldeko kidearen esanetan “35 urte betetzen dituzte aurten Lezoko Inauteriek eta oso bereziak izango dira. Azkenengo bi urteetan, pandemiarengatik, ez da desfilerik egin eta Trapujale Udaleko balkoian bakarrik egon da. Aurten, berriro, plaza kolorez beteko dugu. Trapujalearen oroigarria ematen zaio beti Inauterietan parte hartu edo lagundu duen jendeari. Horregatik, aurtengo oroigarria Joxe Jabier Anurizeri emango diogu, iaz hil egin zen eta guk esaten dugun bezala, Ziriku bat joan da. Ziriku bezala irten izan da eta laguntza eskaini digu beti. Bukatzeko, Trapujaleri bultzada handiago bat eman nahi diogunez, jendea gure taldera etortzera animatu nahi dugu, gehiago bagina, Trapujalek indar handiagoa izango lukeelako”.
Lezoko Udalak herritar guztiei ekitaldiez gozatzeko gonbita luzatzen die. Egitaraua herriko etxeetan banatuko da eta webgunean eta Udaleko app-an kontsulta daiteke.