Haurrentzako zein helduentzako antzerkiak eta filmeak eskainiko dira Gezala Auditoriumean aste bukaera osoan zehar
“Linbo Planeta”, bihar Gezalan arratsaldeko 15:30etan eskainiko den haur jarduera, ondarrez, zaborrez eta behin etxe izan zirenen hondakinez inguratutako leku urrun baten istorioa da. Gizaki bakarra bizi da bertan, zortzi urteko neskatila bat: Numa. Bakarrik bizitzera ohitua, hondamendiaren erdian bere bizilekua sortzea lortu du eta tarteka jasaten dituen erasoei bizirauten ere ikasi du. Aspaldian aspertzen hasia da ordea, faltan botatzen baititu lagunak, familia eta ia oroitzen ez duen bere herria. Goiz batean sekula jolasteaz aspertuko ez den lagun bat azaldu zaio, Ibrahim txakurra. Eta elkarrekin inoiz susmatuko ez luketen bidaia batean murgilduko dira, irudimenaren indarrari esker bakarrik egin daitekeen bidaia batean. Numak etxera itzultzeko bideari ekingo dio, bere arbasoek, desertuko nomadek, aspaldi egin zuten moduan, izarrei jarraika.
“Aralar, mundua leku den lurra” ikus-entzunezko emanaldia larunbatean eskainiko da toki berean arratsaldeko 19:00etan. Aralarko ondare natural eta kulturalaren leiho izateaz harago, hausnarketa eta gogoetarako bide ematen duen pelikula da. Adituen adierazpenek eta mundu oniriko bateko pasarteek, Nafarroa eta Gipuzkoaren mugan dagoen mendilerro honen balioa ezagutzera ematearekin batera, kontserbaziorako deia egiten dute.
Eta azkenik, “Espacio disponible” antzerkia, igandean arratsaldeko 20:00etan eskainiko dena auditoriumean. Istorio honetan, 70 urte pasata dituzten Palmira eta Jenaro, beraien semearen bisitaren esperoan daude lo egin eziniko gau batean. Semea, erbesteratutako borondatezko lankide bat, gurasoen bila dator berarekin bizitzera eramateko asmotan eta horrela beraietaz dagokion bezala arduratzeko. Bisita honek, bikotearengan estutasun egoera bat sortuko du norbanako bizi espazioaren defentsan eta onura, besterik ez, helburu duen gizarte honetako alferrikakoaren erabilgarritasunaren inguruan. Bikote baten bizitza heldu aroan kontatzen digun komedia honek, maitasuna eta gizarteak alferrikakoak kontsideratzen dituen gai eta jarduerek berezko duten erabilgarritasunaren garrantzia omendu nahi ditu.
Hiru ekitaldi hauetarako sarrerak, beti bezala, kultura saileko bulegoan, emanaldi egunean leihatilan eta hemen.