Goizeko 11:00etatik hasita egun osorako dantza ekitaldi ugari eta anitzak antolatu dira herrian: dantza autoktonoak, kantu dantza, dantza kalejira, erromeria dantzaldia…
Datorren larunbatean, hilak 5, Euskal Herriko Dantzari Eguna ospatuko da Lezon eta horrenbestez, dantza nagusi izango herriko kaleetan.
Aipatu ospakizunak Euskal Herriko herrialde desberdinetatik etorritako dantzariak eta dantza taldeak bilduko ditu herrian eta goizeko 11:00etatik hasita, egun osoko ekintza eta ekitaldiak partekatuko dituzte, lezoarrekin batera, dantza eginez eta dantzaz gozatuz.
Horiek horrela, goiza alaitzen eta girotzen hasteko, 11:00etan, Lezoko Musika Eskolako musikariak izango dira herriko kaleetan zehar. Ondoren, 12:00etan dantza autoktonoen emanaldia eskainiko da Karlos Saldise plazan eta 13:00etan, Kantu-dantza, herritar orori zabaldua, Gurutze Santuaren plazan.
Egunak aurrera egin ahala, musika zein dantza munduan murgildurik jarraituko dugu eta arratsaldeko lehen orduan, 16:00etan, dantza-taldeei harrera egingo zaie Saldise plazaren ondoan. Ondoren, dantzariak Lezoko Bekoerrota kiroldegiko frontoian aldatuko dira.
Behin prest, 17:00etatik aurrera kalejiran ibiliko dira Lezoko kaleetan barrena dantza eginez. Kasu honetan, abiapuntua Herri Eskola izango da eta jomuga, aldiz, Saldise plaza. Behin aipatu plazara heltzean, 17:30etatik 19:30era, dantza taldeen emanaldi nagusia egingo da.
Amaitzean, 19:30ean, alegia, animazio musikala egongo da Jaixkipe txarangarekin bai Saldise plazan baita Gurutze Santuaren plazan ere eta eguna ixten joateko, 21:30ean herri afaria egingo dute guztiek batera Herri Eskolako estalpean. Afal ostean, 22:30ean, erromeria dantzaldia egongo da Laiotz taldearen eskutik Gurutze Santuaren plazan.
Euria eginez gero, goizeko ekitaldiak Karlos Saldise plazan egingo dira eta arratsaldekoak, aldiz, Bekoerrota kiroldegian.
Folklore azoka Zubitxo kalean
Dantza ekitaldiekin batera, folklorea oinarri izango duen azoka berezia ere egingo da Zubitxo kalean arratsaldeko 16:30etik aurrera.
Folklore azokan Euskal Herriko herrialde ezberdinetako artisauen produktuak egongo dira ikusgai zein salgai. Guztiak, noski, Euskal Herriko dantza, musika eta folklorearekin lotutako produktuak izango dira.