GABONETAKO EGITARAU OPAROA IZANGO DU LEZOK

Og, 2025-12-11 15:35

Abenduan zehar eta urtarrila hasiera bitartean 30 ekitaldi inguru izango dira Lezon. Lezoko Udalak gaur aurkeztu du Gabonetako egitaraua, agenda kulturalak, gabonetako ekintza bereziek eta herriko hainbat eragileren egitasmoek osatzen dute abenduaren 3tik urtarrilaren 5era luzatuko den programa. 

Abenduaren 3an hasi ziren Euskararen Nazioarteko Egunarekin, eta hurrengo asteetan zehar kultur ekitaldi anitzetaz gozatu ahal izango dute herritar guztiek.  

Guztira, 30 ekitaldi inguru antolatu dira, adin guztietara zuzenduak daudenak. Ainhoa Salaberria Kultur Teknikariak xehetasun gehiago eman ditu programaren inguruan. 

Aste hauetan zehar antzerkiak, dantza ikuskizunak eta musika emanaldi ugari izango dira Lezon. Gezala Auditoriumeko agenda kulturaleko hitzorduez gain, Tomas Garbizu Udal Musika Eskolako ikasleen emanaldiez gozatzeko aukera izango dute herritarrek, bai eta janari bilketa solidarioan edo San Silvestre haur krosean parte hartzeko ere. Urtero moduan, ikastetxeetako ikasleen gabonetako audizioak, herriko kaleak girotzeko kalejirak edota urte amaierako kopla zaharrak ere ospatuko dituzte aurten.

Horrez gain, literatura ere protagonista izango da gabonetan. Abenduaren 12tik 23ra Euskal Liburu Azoka izango da Kultura Aretoan, euskarazko literatura sustatu eta balioa nabarmentzeko helburuarekin. Aurten ere “Literatur Bonoak” eskuragarri egongo dira; 20 euroko erosketa egiteagatik eskuratzen diren 6 euroko opari bonuak dira.

Bestalde, abenduaren 14ean San Tomas eguna ospatuko da Karlos Saldise Plazan, taloak, musika eta azoka izango dira goizean zehar. Gainera, aurten, San Tomas egunean ere ospakizuna izango da Gaintxurizketan. Antxillastegin giro ederra, talo tailerra eta azoka ere izango da.

Abenduaren 24ean herria musikaz beteko da hainbat kalejirari esker, eta abenduaren 25ean Olentzero eta Maridomingik opariak banatuko dituzte Gurutze Santuaren Plazan. 

Urtarrilaren 5ean, ordea, Errege Kabalgata izango da herrian zehar arratsaldean. Goizean berriz Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore izango dira protagonistak Zerua lapurtu dute! emanaldia eskainiko baitute Bekoerrota kiroldegian. 

Azkenik, berrikuntza bat izango da aurtengo egitarauan. Lezoko Udalak eta Lezokoak elkarteak elkarlanean, bi bakarrizketa saio antolatu dituzte, abenduaren 19an eta urtarrilaren 2an izango dira.

Amaitzeko, Aitzol Saizar Kultur Zinegotziak antolatutako ekintzetan parte hartzeko gonbidapena egin die lezoar guztiei, izan ere “abenduko egitarauko ekintzak bereziki adin guztietako pertsonentzat dira. Belaunaldi ezberdinak elkartzen dituzten topagunea izaten dira eta herriarentzat oso aberasgarria da hori”.

Egitarau osoa etxez-etxe banatu da dagoeneko, eta ikusgarri dago Lezoko Udalaren webgunean bai eta aplikazioan ere.
 

Arloa edo saila
Eranskinak