Aurtengoan, plaza kopurua handitu ondoren, 203 haurrek parte hartuko dute uztailaren 2tik 27ra bitartean izango diren udalekuetan. Ekainaren 5ean egingo da gurasoekin bilera eta, bertan, xehetasunak azaldu eta zalantzak argituko zaizkie
Aurten ere, herriko haurrek giro euskaldun eta atseginean jolasak, dantzak, kantak, antzerkiak eta beste hainbat ekintza egiteko aukera izango dute. Izan ere, izena eman duten haur guztiek udalekuetan parte hartuko dute, guztira 203 haurrek.
Gaur amaitu da izena emateko epea. Iazko eskari kopurua ikusirik, Udalak eskaintzen dituen plazen kopurua handitzea erabaki zuen, 180tik 220ra igoz. Beraz, iaz bezala, izen-eman duten haur guztiak onartu dira, baina aurten, ordea, ez da salbuespenik egin behar izan, izan ere, 17 plaza geratu dira libre.
Gauzak horrela, Lezon erroldatuta dauden edota kanpokoak izanda ere Lezon ikasten duten haurrek uztailaren 2tik 27ra gozatu ahal izango dituzte aurtengo udalekuak, 9.30-13.30 bitarteko ordutegian.
Bestalde, haurtzaindegi zerbitzuan 12 haurrek izen-eman dute eta, beraz, taldea osatu da, gutxienez 8 behar baitziren.
Azkenik, Udalak udalekuetan parte hartuko duten haurren gurasoei gogorarazi nahi die ekainaren 5ean, asteartean, bilera egingo dela udalekuen inguruko xehetasunak azaltzeko eta haien zalantzak argitzeko. Bilera, Gezala Auditoriumean izango da arratsaldeko 16:30ean.